Euskaltel-Euskadiren Benidorm aldeko elkarretaratzeak ongi ezagutzen dituen gizonik baldin bada, hori Gorka Gerrikagoitia gernikarra izango da. Bizkaitarrak hamargarren urtea beteko du Migel Madariagak gidatzen duen taldean, sei bizikleta gainean eta aurten laugarrena lasterketak autoz jarraitzen. Talde laranjak azken bi urteetan jasandako aldaketez eta denboraldi hasierako lanaz aritu gara 33 urte bete berri dituen «beteranoarekin».
Lehen esalditik nabari zaio Gerrikagoitiari proiektu berriarekin ilusioz beteta dagoela. Bere ustez, orain taldeak «beste itxura bat» dauka eta gauzak «askoz hobeto» egiten dira. Prestatzaile berria eta mediku taldea nabarmentzeaz gain, taldeak «egitura hobea» duela onartu digu zuzendariak.
Alde horretatik, Euskaltelen berritasun nagusietako bat maila berean egongo diren hiru kirol zuzendariak dira. Bakoitzak hamar txirrindulari hartu ditu bere gain eta lasterketa jakin batzuetan zentratuko da. Gerrikagoitiak azaldu duenez, 30 txirrindulari zuzendari bakarrak zaindu behar baditu «azkenean batzuekin hitz egiteko denborarik ere ez da hartzen», eta hori da batez ere ekidin nahi dutena.
Elkarretaratze horretan aurrera daramaten lanari buruz ere hitz egin dugu Gorkarekin. Benidormen, ziklistak helburuen araberako hiru taldetan banatu dituzte: bi oso indartsu entrenatzen ari dira denboraldi hasierari begira «gehienezko gaitasun anaerobikoa», Gorkak azaldu digunez eta bestea oraindik lasaiago dabil. Kilometro asko egitea eta iraupena lantzea da entrenamendu gogor horien funtsa.
Denboraldi hasieran «txirrindulari askori» eskatu omen die Igor Gonzalez Galdeanok ongi ibiltzeko, baina izen batzuk eman dizkigu Gerrikagoitiak: Samuel Sanchez, Jorge Azanza, Andoni Aranaga, Jon Bru, Ruben Perez, Beñat Albizuri, Mikel Astarloza, Gorka Verdugo edota Markel Irizar, esaterako.
Lasaiago dabiltzanak, berriz, Haimar Zubeldia, Iñaki Isasi edota Iñigo Landaluze dira. Baita iaz sekulako denboraldia biribildu zuen Igor Anton gaztea ere. Gerrikagoitiak ez du uste galdakoztarrak presioa nabarmenduko duenik, aurtengoa harentzat «urte garrantzitsua» izango delako, «baina ez erabakigarria». Gaineratu duenez, emaitzak ez dizkiote «berehala» eskatuko, nahiz eta «asko» espero duten.
Txirrindularitzak bizi duen egoera latza den arren, Euskaltel salbuespen bat dela esan daiteke. Giroa, Tourra eta Vuelta UCI ProTourretik kanpo geratu diren arren, euskaldunek hirurak korrituko dituzte eta egutegiko lasterketa garrantzitsu guztietan egongo dira.
Gorka Gerrikagoitiak ez du argitu nahi zein lasterketatan ibiliko den, «oraindik erabat erabaki gabe» dagoelako, baina badaki Valentzian hasiko dela eta Paris-Nizan ere bera arituko dela kirol-zuzendari lanetan. «Lasterketa asko daude, hirurok izango dugu lana eta hori da garrantzitsuena», esan du.
Levante aldeko elkarretaratzea, urteko lehena, igandean amaituko dute eta hortik aurrera denboraldiari bete-betean ekingo dio Euskaltelek. Lehen hitzordua, Mallorcan. -
DONOSTIA