Jarrai-Haika-Segi»ko auzipetuei sei urteko espetxe zigorra ezarri eta gazte erakundea bera «terrorista» izendatzearekin batera, Segiren jiran antolatzen diren milaka euskal gazte jazartzeko eta kartzelatzeko bidea egiten duen ebazpena kaleratu du Madrilek. Ebazpenaren berri jakin bezain laster, GARA egunkariak Segiko kide batekin hitz egiteko aukera izan du, baita gazte erakundeak Auzitegi Goren espainolaren erabakiaren gainean egiten duen irakurketaren berri jasotzeko ere. «Ebazpena atzeratu izanak Gobernu espainolak testuinguru politikoaren arabera baliatzeko gordea zuen karta bat dela erakusten du. Karta oso, oso larria. Honek berriro erakusten digu Auzitegi Nazionala eta horren gisakoak Euskal Herriaren kontrako guda tresna direla, Estatuaren indarkeria legalitatez mozorratzeko. Sakonago zera erakusten du: gazte independentistok gatazka politikoa gainditzeko prozesu demokratikoan parte hartzea eta ekarpena egitea eragotzi nahi dutela. Baina zerri diote beldur? Independentziaren aukera mahai gainean jarri eta Euskal Herrian garaile ateratzeari? Demokrazia berari?», dio Segiko kideak.
Orain bi urte Auzitegi Nazionalak «legez kontrako» antolakunde izendatu ostean, gazte erakundeak antolatutako ekimen guztiak jazarri dituzte azken hilabeteotan ikusi den bezala, baina orain zer-nolako egoerari egin beharko diete aurre? «Euskal Herrian aski jakina da Segi independentziaren eta sozialismoaren aldeko antolakundea dela; gazteen eskubideen defentsan aritzen den erakunde politikoa eta publikoa dela. Mobilizazioak, mahai-inguruak eta dozenaka ekimen sustatzen dituena. Eta hori ez dute aldatuko errepresioaren bidez», gaineratu du.
«Ez dugu kanpoko esku-hartzerik onartuko», esan du, eta honakoa adierazi: Segiri eskaintzen zaion babesa eta zilegitasuna ez dela Europako beste lurralde bakar batean ere ematen. «Europa osoan ez baitago 20.000 gazte baino gehiago batzen dituen gazte antolakunderik». Horregatik, eta Euskal Herria independentzia galdegiten duen herria delako, «helburu politiko horren alde antolatzen eta borrokatzen» jarraitu- ko dutela aurreratu du.
Segiko kidearen ustez, Estatu espainolak hartu duen erabakiak ez du inondik inora berorrek jasotako helburu politikoa lortuko: «Badakigu gure apustua garatzeko gaitasuna dugula, eta egunerokotasunean jasango ditugun eskubide urraketak Gobernu espainolaren kaltean izango direla. Eraso errepresiboek min egiten badute ere, urteetan ikusi da errepresioarekin ez dutela ezer lortuko. Aldiz, Estatu espainolaren jokabide antidemokratikoa da nabarmen geldituko dena».
Euskal Herria eraikitzen
«Zein da, beraz, independentziaren aukera politikoa babesten eta bultzatzen dugun gazteoi eskaintzen diguten alternatiba? Gatazkara kondenatzea?», galdetu du Segiko kideak. Egun, gatazka politikoari irtenbide demokratikoa emateko aukerak egon badaudela uste du: «Baina argi dago, askatu beharreko hitzaren eta erabakiaren korapiloari arreta jarri beharrean, guda estrategian sakonduz, eskubide zibilak eta politikoak ukatuz, ezker abertzalearen aurka ekiten jarraitzen duela Gobernuak».
«Gehiengoaren nahiaren eta aldarrikapenen aurkako politikak garatzea ezinezkoa zaio», esan du Segiko kideak, eta bere esanetan, autodeterminazio eskubidearen, independentziaren eta Euskal Herria nazioa izatearen aldekoa da Euskal Herriko gehiengoaren nahia. Horregatik, nazio eraikuntzan lanean jarraitzean eta «herriaren gehiengoaren nahien alde are eta herritar gehiagok bat egitean» datza oraingo erronka.
Anartean, Segik bere jardun politikoarekin jarraituko
duela dio, bai prekarietatearen aurka, euskararen ofizialtasunaren alde eta
independentziaren alde, bai alternatiba berriak plazaratzen. «Gorenaren ebazpen
politiko hau ere adibide bat dugu, eta Euskal Herriak bizi duen eta bereziki
gazteok bizi dugun zapalkuntza politikoa agerian uzten eta salatzen jarraituko
dugu, gatazkaren konponbide demokratikoaren beharra aldarrikatzen eta Euskal
Herria, inoren baimenaren zain egon gabe, gaurdanik eraikitzen».