GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2007-01-20
«JARRAI-HAIKA-SEGI auzia»ri buruzko epaia: epaiketa
«Herri baten aske izateko nahia ez du epai batek geldiaraziko»
2005eko ekainaren 23an, «Jarrai-Haika-Segi auzi»ko inputatuek agerraldia egin zuten Auzitegi Nazionalaren epaiaz hitz egiteko. «Epai- keta politikoa izan da, eta epaia ere halakoxea da: politikoa». Baltasar Garzon epaileak 2001eko martxoan gazte erakundeen kontrako oldarraldia hasi zuenetik, argi izan dute auzipetuek zeri egiten zioten aurre. Epaiketak ere agerian utzi zuen auziaren benetako izaera.

Jarritako errekurtsoak direla-eta, Auzitegi Gorenak nahi duena esango du, baina historiak irakatsi digu herri baten aske izateko nahia ez duela epai batek geldiaraziko. Gerezi gorrien garaia da». Esaldi horrekin bukatzen da “Gerezi gorrien garaia” liburua, Paul Asensiok eta Mikel Ayllonek idatzi eta Txalapartak argitaratutako idazlana.

Bertan, auzipetuek eta auzia barrutik ezagutzen duten beste hainbat lagunek, Baltasar Garzonek abian jarritako amesgaiztoa hasi zenetik jazotakoa gogora ekarri, eta auzi horri buruz hausnarketa egiten dute.

Gainera, duela ia bi urte izandako epaiketaren testigantza zuzena da lan hori. Izan ere, hilabete horietan Auzitegi Nazional espainoleko kobazulo itxurako aretoan eta Euskal He- rrian bizi izandakoa ezagutzeko aukera paregabea ematen du.

2005eko otsailaren 7an jarri zieten hitzordua auzipetutako 42 lagunei. Baina Auzitegi Gorenak «terrorista» deitu dituen gazteak ez ziren bakarrik heldu hiriburu espainolera. Aitzitik, hainbat sektoretako eragile ugarik babesa eman zieten bi hilabetez epaitu dituzten euskaldunei.

Denen izenean, Teresa Toda egun Casa de Campon epaitzen ari diren kazetariak eta Julen Arzuaga abokatuak hastear zen «fartsa» salatu zuten, eta hauxe adierazi zuten: «Ez da bakarrik 42 gazteren aurkako epaiketa. Euskal Herriko gizarte osoaren aurkako epaiketa da hau. Eskubide kolektiboak dira hemen epaituak».

Madrilen izan ziren ere bai, epaiketaren jarraipena egiteko xedearekin, Lakuako Justizia Sailak bidalitako begiraleak: Abel Lopez Agileta eta Mikel Santiago. Ez ziren begirale bakarrak izango, dena den; nazioartetik joandako hainbat abokatuk eta legelarik zuzenean ja- rraitu baitzuten epaiketa, baita ikusitakoa gogor salatu ere, hura bukatu zenean.

Agurrak eta besarkadak

EHNArekin identifikatu eta auzitegian sartu ziren gazteak. Barruan, kristalezko kaiolan sartuta, euskal gazte gehiago.

Denak elastiko gorriekin jantzita, eta, hasiera-hasieratik, kameren aurrean epaimahaiburu Alfonso Guevara zoratzerainoko indarra eta kemena erakusten. Herri honetan nekez ahaztuko du inork dozenaka gazte horien irudia, denak irribarretsu, elkar agurtzen eta besarkatzen. Ez ziren haiek hedabide espainolek marraztutako deabruak; euskal gazteak ziren, gazte militanteak, euskaldun gazteak, eta militante izateagatik harro zirenak.

Epaiketa bera, dena den, ez zen ostiralera arte hasi, defentsako abokatuek agerian utzi zuten bezala, ez baitziren betetzen saioak hasteko legezko baldintzak. Ostiralean ere, ez ziren betetzen, baina Guevarak hasteko agindua eman zuen. Epaileak argi utzi zuen lehen egunetik zein zen epaiketa horretan bere egitekoa.

Defentsak, berriz, behin eta berriz azalarazi zituen auziaren ezaugarri izan diren irregulartasunak, eta maiztasun berarekin salatu zuten defentsa-eskubidea urratzea.

«Ez diet ez fiskalaren ez akusazio partikularraren galderei erantzungo, biak Euskal Herriaren aurkako estrategia errepresiboaren pieza oinarrizkoak baitira, eta zilegitasunik ez dutelako ez euskal gazteria ezta gu ere epaitzeko». Horiek izan ziren Unai Beaskoetxeak akusazioari ez erantzuteko erabilitako hitzak. Haren kideek bide berari jarraitu zioten. Abokatuen galderei, aldiz, erantzun egin zieten, eta denek nabarmendu zuten epaiketa hura «politikoa» zela eta epaitzen saiatzen ari zirena ez zela delitua. Gogora ekarri zuten gazte erakundeen lan politikoa eta soziala, eta azaldu zuten Euskal Herriko herri eta auzoetako bizitza sozialean eta politikoan erabat txertaturik zeudela. Gazte guztiek ezagutzen eta milaka gaztek babesten zituzten erakundeak zirela, alegia.

Gauza bera adierazi zuten epaiketa-aretotik igaro ziren hamarnaka lekukok. Alderdi politikoetako agintariak, sindikatuetako kideak, eragile sozialetako ordezkariak, irakasleak, idaz- leak, beste gazte mugimenduetako militanteak, euskal preso politikoak... Denek bat egin zuten Jarrai, Haika eta Segiren lanaren zilegitasuna nabarmentzen, eta askok eta askok biho- tzez goraipatu zuten lan hori.

Euskal Herrian aski ezaguna den egia horri aurre egiteko, fiskalak guardia zibil, poliziakide espainol eta ertzainen txostenak eta deklarazioak aurkeztu zituen. Eta, badaezpada, itzultzaile batek ere, adeitasunez, laguntza eskaini zion. Adibidez, «Gazteok duintasuna borrokatuz ETTak itxiko ditugu» leloa zuen pankarta, halaxe itzuli zuen: «Jovenes por la ETA».

Epaiketak aurrera egin ahala, aretoko kristalezko kaiola husten joan zen, barruan zeuden gazteek lau urteko kartzela zigorrak oso-osorik bete baitzituzten. Besarkadak, malkoak eta musuak errepikatu ziren, eta ongietorri jendetsuak izan ziren herrietan, Justizia espainolaren ustez «terrorista» direnei harrera egiteko. Apirilaren 27an bukatu zen epaiketa. Ukabila gora, Eusko Gudariak abestuz agur egin zioten gazteek auzitegi espainolari.

«Epaia epai, garaipena gurea da, euskal gizartearen lanari esker lortutako garaipena», nabarmendu zuten orduan, eta ez dago epailerik Euskal Herrian lortu duten garaipen hori kenduko dienik. -



Herria gorriz tindatuta
«Ez duzue defentsa antolatzeko astirik izan; bai, ordea, jantziak prestatu eta banatzen ibiltzeko». Alfonso Guevara epaileak epaiketaren lehen egunean esandako hitzak dira horiek.

Ezin zuen ezkutatu auzipetutako gazteek azaltzen zuten indarrez beteriko irudiak sortzen zion ezinegona. «Eskubide zibil eta politikoen defentsan, gazteria aurrera» leloa zuen elastiko gorriak Auzitegi Nazionaleko hormak hautsi eta Euskal Herriko bazter guztiak bete zituen.

Herri honetako ekitaldi, jaialdi, mobilizazio eta kale guztietan, erraz hedatu zen elastiko deigarri hura, eta laster bihurtu zen duintasunaren ikurra.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Arrieta y Ortega están ya en la prisión de Martutene, e Iker Frade seguía anoche retenido
Euskal Herria
«Grave politica de venganza»
Mundua
El temporal perdió fuerza al adentrarse en Rusia, tras causar unos 42 muertos
Jendartea
«Un análisis histórico de los desastres climáticos no dice que el clima vaya a peor»
Mundua
Muerto a tiros la conciencia del genocidio armenio
Euskal Herria
El TS español declara «terrorista» a la organización abertzale Segi
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss