Konponbideaz hitz egiteko Rocard ekarriko du ABk
DONIBANE LOHIZUNE
Michel Rocard lehen ministro ohia eta Kaledonia Berriko prozesuan zerikusi handia izandakoa, Gerard Ones- ta Europako Parlamentuko lehendakariordea eta Euskal Herriko prozesua sostengatzeko taldeko partaidea, eta Jean Pierre Massias unibertsitate irakaslea eta gatazka konponketan aditua dena Abertzalee Batasunak antolaturiko mintzaldi eta eztabaida batean izango dira. Atzo aurkeztu zuten ekitaldia Mertxe Colinak eta Peio Etcheverry-Aintchartek: otsailaren 9an izango da, 20.30ean, Donibane Lohizuneko Ravel auditoriumean, «Euskal Herri berria. L’art de la paix» izenburupean.
ABko eledunek emandako argibideen arabera, orain dela lau hilabete hasi ziren mintzaldia prestatzen. Hasiera batean, ekitaldiaren asmoa, eragileen arteko negoziazioen eta akordioen gaiari heltzea baino harago, bake akordioak herritarren arteko bizikidetza lortzeko bidean nola erro daitezkeen aztertzea zen.
ETAk Barajaseko atentatua egin ondoren, hitzaldian bake prozesu batek aurrera egiteko behar dituen oinarriak aztertzea erabaki dute. Alde horretatik, Rocardek, Kaledonia Berrian izandako esperientzia profitatuz, negoziazio mahaira iristeko egin behar dena azalduko du. Ondoren, Massiasek akordioetara iristeko osagaiak aztertuko ditu; izan ere, Europa erdiko eta Afrika beltzeko gatazketan esperientzia izan du. Autodeterminazioa ere aipagai izango du, ABko bozeramaileek atzo azaldutakoaren arabera. Nazioartetik gatazkaren konponketan izan daitekeen laguntzaren berri izateko, Onesta Europan Euskal Herriari buruz egindako lanaz arituko da.
Hiru hizlarien esanak eta bertaratutakoen galderak zein ekarpenak bilduz liburuxka bat egiteko asmoa dute. Ekitaldian parte hartzeko Euskal Herriko eragile askori gonbidapena egin die ABk.
|