Donostiako Piratek etorkizuneko eredua egonkortuko dute I. Batzarrean
Hamar urte igaro dira Donostiako gazte batzuek jai herrikoi eta parte-hartzaileen alde Piratak kolektiboa sortu zutenetik. Urteurrena dela-eta, I. Biltzarra iragarri dute hilaren 28rako Doka kafe antzokian, denen arteko ekarpenei esker mugimenduaren norabidea zehazteko.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Donostiako Udalak antolatzen zituen festekin konforme ez zeudelako jaio zen 2002. urtean Donostiako Piratak kolektiboa. Gazte haiek argi zuten zer nahi zuten, eta haren bila joan ziren: jai herrikoi eta parte-hartzaileak, euskaltzaleak eta parekideak. Batzuek euren asmoan sinistu zuten, beste askok utopiatzat hartu zuten. Aurten, hamargarren urteurrena beteko denean, argi gelditu da denborak arrazoia eman diela. Bai denborak, bai euren programan parte hartzen duten milaka donostiar eta gipuzkoarrek.
Zifra biribila, hain zuzen, hausnarketa egiteko baliatuko dutela aurreratu zuten Donostiako portuan atzo Aratz Trecet eta Haritz Varela bozeramaileek. «Begirada aurrerantz jarrita, eta jaien eredu herrikoi honek duen babesa eta sortzen duen ilusio eta lanerako gogoaz jabetuta, ezin dugu ukatu mugimenduaren antolaketa eredua mugatua dela, hau da findu beharrekoa», adierazi zuten Trecetek eta Varelak, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.
Halaber, urteurrena Piraten antolakuntzan inflexio puntu bat izatea nahi dute, parte-hartze eredua zabaldu, egonkortu eta osatzeko. Hala, antolamendua birplanteatu egingo dutela jakinarazi zuten, eta horretarako antolatu dute Piraten I. Biltzarra, urtarrilaren 28rako, Doka Donostiako kafe antzokian. Hitzorduan parte hartzeko aukera askea eta irekia da, beraz, «pirata sentitzen den oro, baita inoiz parte hartu ez duen pertsona ere gonbidatuta» dagoela nabarmendu zuten.
Bertan egitaraua eta mugimenduaren nondik norakoak aztertuko dituzte, bakoitzak egin nahi dituen ekarpenak hausnartuz. «Antolaketa zeharkakoa izatea nahi dugu, hau da, bakoitzaren parte hartzea parekatua izatea nahi dugu, hitz oro aintzat hartzea. Jendearentzat garrantzitsuena kolektiboaren parte sentitzea da».
Gipuzkoako hiriburuari benetako ekarpena egin nahi diotela berretsi zuten, eta Donostiak, jaiei dagokienez, behar duenaren diagnostiko erreala egitea.
Interesa duen orok hitzordua izango du, beraz, hilaren 28an 11.00etatik aurrera. 13.00etan etenaldia egingo dute, eta bertan daudenei jatekoa eskainiko diete. Arratsaldean jarraipena izango du eztabaida saioak, zehazki 14.00etatik 17.00etara.
Hala ere, eta aldez aurretik batzarraren gaineko informazioa eskuratu nahi dutenentzat urtarrilaren 25ean, asteazkena, bilera egingo dute, 19.30ean, hori ere Dokan, Antigua auzoan.
Azkenik, hamar urte «nolanahi» betetzen ez direla onartuta, hemendik abuztura bitartean hainbat ekitaldi eta ekimenekin ospatzeko asmoa dutela iragarri zuten kideek. «Aurtengo Abordatzea bereziena» izango dela ere iragarri zuten, baina oraingoz ezin izan zuten besterik argitu.
Martxan jarriko duten ekimen garrantzitsuenetako bat logoaren lehiaketa izango da. Hala, Donostiako eskoletan abiaraziko dute, haurrek egindako marrazkietako bat hautatua izateko.
Gaur egun Donostiako Aste Nagusiko irudi esanguratsuenetako bat da, esanguratsuena ez bada, kaian egiten den Abordatzea. Urtez urte etengabe hazi da ekimena eta azken edizioetan milaka pertsonek hartu dute parte. Hasieran hiriburukoak biltzen ziren arren, azken urteetan Gipuzkoa osotik bertaratu dira euren baltsa egitera aurkariei gailentzeko asmoz.
Begi bistakoa zen arrakasta, eta edizio batzuen ostean, 2009an, orduan alkate zen Odon Elorzak aitortu egin zien Piratei festei egindako ekarpena. Mugimenduak bere egitarau propioarekin jarraitu zuen halere, «bata eta bestea bi gauza ezberdin direlako», azpimarratu zuten atzo.
Gaur egungo Udal Gobernuak jai parte-hartzaileekiko duen jarrera positiboaz galdetuta, Haritz Varelak honakoa berretsi zuen: «Gu ez gara inorekin ezkontzen». Baina jarraian erantsi zuten, aurtengo proposamen garrantzitsuena antolaketa eredua herritarrei ireki eta zabaltzea izanik, «bide horretan, uste dugu, Udalaren lana eta ekarpena ezinbestekoa izango dela». Horregatik, Udalak laguntzeko borondatea azalduko balu ongi etorria izango litzatekeela esan zuten. O.L.
Lanaren fruitua izan da programaren aniztasuna: adin tarte bakoitzarentzat egun bat, edota Irrikitaldia moduko ekimenaren sorrera. Iazko nobedadea La Flamenka gunea kaian jartzea izan zen.