GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ezohiko batzarra eskatu dio Bilduk Eudeli, «benetako eztabaida» bati ekiteko

Bilduk agerraldia egin zuen atzo Donostian, duela lau hilabete Eudeleko zuzendaritza berriari eskatutako bileraren erantzunik jaso ez dutela salatu, eta beste behin ere eztabaida plazaratzeko.
p014_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Lau hilabete pasatu dira Eudelen azken batzarra egin zenetik. Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa egin zuten atzo, orduan instituzioaren inguruko eztabaida abiatzeko eskatu zutela gogoratu eta «jaramonik» egin ez dietela salatzeko. Ondorioz, eztabaida «urgentziaz» egiteko deia luzatu zioten, beste behin ere, Eudeleko zuzendaritzari.

Lasarte-Oriako alkate Pablo Barrio, Eibarko zinegotzi Begońa Vesga eta Zarauzko alkate Juan Luis Illarramendik parte hartu zuten Donostian egindako agerraldian. «Bildutik berriz ere mezu zuzena helarazi nahi diegu Eudel-eko presidenteari, zuzendaritzari eta berau osatzen duten udalerriei eta oro har euskal jendarte osoari -azaldu zuen Lasarteko alkateak- Udalerrien eta udalen egoeraren eta udal politikaren benetako eztabaida derrigorrezkoa dela». Eztabaida horretan aztertu beharrekoa Eudelen «izaera bera» dela nabarmendu zuten.

Eta entitatearen izaera bera ezbaian jartzeko Udalen legea eta Kutxen legea jarri zituzten adibide gisa. Azaldu zutenez, bi lege egitasmo horiek «bete-betean» jotzen dute udalen ahalmena eta gestio politikoa. Bietan jasotzen denaren arabera, udalen pisua eta eragina «nabarmen gutxitzen» dela eta beren ahalmena «murriztu» egiten dela ohartarazi zuten agerraldian.

Halere, horren aurrean Eudeleko zuzendaritzaren iritzirik ez dela entzun nabarmendu zuten, «are okerrago dena, ez dute ahotsik altxatu udalen autonomia horren defentsan, ezta udalen interesen defentsan ere», esan zuen Barriok. «Zertarako beraz, egungo Eudel, udalei zuzenean eragiten dieten gaietan iritzirik ez badu eman behar? Nola defendatuko ditu egungo Eudelek udalen interesak?».

Bilduk Eudeli leporatzen dion parte-hartze gabezia horrek «ageri-agerian» uzten du koalizio abertzaleak eskatu duen eztabaidari behingoz heltzeko beharra.

Izan ere, Eudel, bere garaian, Euskal Herriko eremuan udal autonomian sakontzeko eta bestelako instituzio eta eragileen aurrean udalek ahots propio eta bakarrez hitz egin ahal izateko jaio zela gogorazi zuten, nahiz eta Bilduren ustez, azken urteetan «alderdi interesak» gauzatzeko erabilia izan den, horren erantzule nagusitzat joz EAJ eta PSE.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo