«Epaileek prozesuarekin bat egitea delitua litzateke»
·Epaileek legea aplikatu besterik ez dutela egin behar azaldu du EAEko Auzitegi Nagusiko buru Ruiz Piñeirok
BILBO
Epaileei herri honetako prozesuarekin bat egiteko exijitzen dietenak «delinkuenteak» izan daitezela eskatzen ari direla uste du EAEko Auzitegi Nagusiko presidente Fernando Ruiz Piñeirok: «Legea bete ez, eta prozesuarekin bat egiten badugu, delitua egiten ari gara».Atzo “Deia”k argitaratutako elkarrizketa batean, Ruiz Piñeirok gogoeta egin du egungo agertokian Justiziak bete beharrezko jardunaz, eta zera azaldu du: «Prozesua egon ala ez egon, epailearen papera zorrotz mugatu behar da legea betetzera, interpretatzera». «Haren zeregina ezin da aldatu, inolaz ere, sor daitezkeen memento sozialen arabera. Haren papera aldatuko da soilik legeak zehazki hori agintzen badio. Legearen interpretazioaz eta aplikazioaz harago, epaileak ez du ezer egiterik. Ezin du inolako paperik izan inolako prozesuan», gaineratu zuen. Hala, berretsi zuen epaileek legea aplikatu ez eta prozesuarekin bat egiten badute, «delitua egiten» ariko direla. Baina, nolanahi ere, ziurtatu zuen ez dutela halakorik egingo. «Lehen Munduko herrialde garatuetan antidemokratikotzat jotzen dena egunero errepikatzen da hemen. Arduradun politiko bati, edota instituzional bati, halako gauzak esaten entzutea harrigarria da demokrazian. Gu ez gara ezeren oztopo, legearen aplikatzaile baizik. Legea aldatzen bada, lehenengoak izango gara defendatzen», adierazi zion Ruiz Piñeirok “Deia”-ri.
|