Urnietarrak garaile Sagarrondotik jaiko herri-kirolen lehian
·Bigarren Usurbil, Hernani hirugarren eta Astigarraga laugarren izan ziren desafioan
Sagarrondotik jaialdiaren baitako herrien arteko herri kirol lehia indarra hartzen ari da urterik urte. Atzo Urnietako pilotalekua lepo bete zen eta giroa ederki berotu zen; ez zitzaien herritarren babesik falta izan lehian jardun zutenei. Eguraldia ere portatu zen eta San Juan plazako azoka polit joan zen.
URNIETA
Sagarrondotik jaialdiak esan dio agur aurtengoari. Pasio asko sortzen duen jaialdia da; ostiraleko eta larunbateko kontzertuetan seguru pasio asko izango zela, musikari maitea ikusteak lotu ezineko sentimenduak pizten baititu. Baina, atzo goizean Urnietan izandako herri-kirolen lehiak ere musikari famatuek adinako pasio eta grina sortu zituen. Usurbil, Hernani, Urnieta eta Astigarraga aritu ziren parez pare. Talde bakoitzean 17 herritarrek jardun zuten 13 gizonezko eta 4 emakumezko eta garbi geratu zen majo prestatu zirela desafiorako, maila oso ona eman baitzuten. Nabarmentzekoa da parte-hartzaileak ez direla profesionalak eta propio hitzordu honetarako prestatzen direla. Herri kirol lehiak hiru urte bete ditu aurten, eta dagoeneko hitzordu garrantzitsua bihurtu da askorentzat. Atzo bertan, Urnietako pilotalekua lepo bete zen eta giro polita sortu zen; desafiozkoa baina sanoa. Guztira zortzi froga osatu behar izan zituzten parte-hartzaileek: sagar biltzea eta garraiatzea, ingudea, harri jasotzea, giza proba, txingak, zaku lasterketa, lokotxak eta sokatira. Urnietako taldea izan zen onena, guztira 27 puntu batu baitzituen. Urnietarrak lehenak izan ziren sagar biltzen, ingudean, txingetan, zaku-lasterketan eta sokatiran. Bigarrenak usurbildarrak izan ziren, 23 punturekin. Usurbilgo taldea ez zen gailendu inongo frogatan, baina gehienetan bigarren tokia lortu zuen, honakoetan hain justu: sagar biltzen, ingudean, harri jasotzen, zaku lasterketan, lokotxetan eta sokatiran. Hartara, erregularrenak izan ziren Usurbilkoak. Hirugarren postua 17 puntu lortu zituen Hernaniko taldearentzat izan zen. Lokotxetan eta harri jasotzen marka onenak egin zituzten hernaniarrek. Eta Astigarragako taldea izan zen laugarrena, 15 punturekin. Giza proban lehenengo izateak eta txingetan lortutako bigarren postua ez ziren nahikoa izan astigarratarrentzat, eta azken postuarekin konformatu behar. Urnietarrek, beraz, bi urtez segidan lortu dute lehen tokia. 2004. urtean, berriz, Hernaniko taldea izan zen lehena.
Sagardo freskoa eta zekor pintxo beroa
A.M. URNIETAAurreko ediziotan Sagarrondotik jaialdiak ez du zorte handirik izan eguraldiarekin. Aurtengoan, berriz, aitzakiarik ez du eman. Hala hobe. Atzo goizean Urnietako hitzorduak jende ugari erakarri zuen, halakoxe goiza egin baitzuen, kalean pasatzekoa. Pilotalekuan herri-kirol lehia zegoen bitartean, San Juan plazan sagardoa eta zekorra izan ziren aukeran. Batetik, Oianume, Elutxeta, Eula, Setien eta Altuna sagardotegietako sagardogileek sagardo freskoa eskaini zuten euren postuetan. Bestetik, zekor osoa erre zuten plazan bertan eta pintxo ederrak banatu zituzten ondoren. Nahasketa kategoriakoa zen; eguzki epela, sagardo freskoa eta zekor erre berria. Jatekoaz eta edatekoaz aparte, artisautzak ere izan zuen bere txokoa. Egur taila, zumea, zilar bitxiak, miniaturazko harriak, makrameak, txotxongiloak, makilak, gantxiloa, ogia, euskal pastelak... Plana tentagarria zen eta jende dezentek egin zuen haren aldeko hautua. Herri kirolen lehian herritarrak animatu, zerbait edan eta jan plazan eta eguraldiaz gozatuz. Datorren urtean gehiago.
|