Igande goiz baterako plan ezin hobea izan zen atzokoa. Eguraldi eguzkitsuak eta festa giroak Bakiora hurbildu ziren pertsona guztiak alaitu zituen. Baina, oro har, baldintzak ez ziren triste egoteko modukoak, Bakioko txakolinaren uzta berria aurkeztea izan zelako atzoko topaketaren arrazoi nagusia.Ekitaldiak adin guztietako pertsonak bildu zituen; helduek txakolina dastatzen zuten bitartean, haurrek jolasten zuten.
Goizeko hamaikak ziren eta oraindik ez zen jende askorik hurbildu azokako gunera. Hala eta guztiz ere, han zeudenak abereen erakusketara gerturatu ziren. Han, Ponnyak, pottokak, txerrikumeak eta beste hainbat animalia ikusteko aukera egon zen. Egia esan, pottokak eta ponnyak ikusgarriak ziren, peluxe baten antza hartzen baitzuten. Noski, txakurrak ezin ziren falta horrelako erakusketa batean. Hiru mota zeuden: Erbi txakurra, Artzain txakur iletsua eta Gorbeiako artzain txakurra.
Era berean, hara hurbildu zirenek idiak ikusi ahal izan zituzten; izan ere, arratsaldeko 18:00etan idi probak egingo zituzten.
Gutxika, jai giroa somatzen hasi zen, trikitilariak eta txistulariak urrunetik entzuten baitziren. Musikariekin batera, jende gehiago etortzen hasi zen, eta minutu batzuen buruan azoka esparrua beteta zegoen.
Bakiora hurbildu ziren pertsonek txakolina dastatzeko
asmoa zuten. Izan ere, ekitaldiko aurkezleak esan zuenaren arabera, aurtengo
uzta azken hamabost urteetako onena izan da, eta gainera, ehun mila litro
merkaturatuko dituzte.
Aurkezpena
Txalaparta soinuarekin hasi zen uzta berriaren aurkezpena. Ondoren, Bakioko Itsasalde dantza taldeko kide batek ohorezko aurreskua dantzatu zuen. Horren ostean, Joane Somarriba txirrindularia uzta berria dastatu zuen lehenengoa izan zen, ekitaldiaren amabitxia zelako. Ardoa edatean jarri zuen aurpegiak haren ordez hitz egin zuen, lehenengo tragoa ematean gozamen keinu bat nabarmendu zitzaion-eta. Somarribak txakolina «oso ona» zegoela esan zuen eta bizikletako ur botilan «gustura» eramango lukeela gaineratu.
Horrez gain, txirrindularia bere haurdunaldiari buruz mintzatu zen. «Beste fase batean nago, aldaketa izugarrizkoa izan da, baina orain gustora sentitzen naiz, fase polita bizitzen ari naiz-eta», esan zuen. Ardoari beste trago bat eman ostean, jendeari edaria frogatzeko deia egin zion. Eta halaxe gertatu zen, jendeak txakolina edateko gogoekin joan zen Bakiora eta edaria saltzen zuten postuak guztiz beteta zeuden.
Gainera, Carlos Ibarrondo sukaldariak 29 artxo prestatu zituen, jendearen artean pintxoak banatzeko. Artxoen usaina azoka esparruan usain zitekeen eta batek baino gehiagok birritan eta hirutan errepikatu zuen.
12:30ean azoka esparrua jendez gainezka zegoen, batzuk txakolina edaten jarraitu zuten eta besteak azokako postuetako produktuak erostera joan ziren. Feriako postuetan denetarik erosteko aukera zegoen: Bakailaoa, kroketa pintxoak, Maddalenak, txokolatea eta euskal pastela, besteak beste.
Goiza igaro arren, giroa ez zen bukatu. San Jose jaiak ostiraletik ospatzen ari dira Bizkaiko kostaldeko herri horretan; beraz, festa giroa ez zen azokarekin batera amaitu. 17.30ean Zubiaurrealde karpan zirko tailerra egon zen haurren gozamenerako, eta ordu erdi geroago, XLI Idi probak egin zituzten.