Ehiztari-ren rock indartsua disko batean bildurik plazaratu dute lehenengoz
Hamaika urteko esperientzia ez da gutxi. Ibilbide luze horrek ematen dituen irakaskuntzak eta heldutasuna erakutsiz, bere lehen diskoa plazaratu du Erromoko Ehiztari taldeak. Laukoteak egiten duen musika hard-rockaren eta stoner melodikoaren uztarketaren emaitza da. Oihuka diskoetxearekin jarri du kalean taldeak bere CDa.
BILBO
Taldea 1995ean sortu zen Erromon (Getxo), Ehiztari Beltza izenarekin. Orain arte hiru maketa zituzten grabatuta, eta material ugari konposatua. Finalista gisa jardun dira Villa de Bilbaok zein Euskadi Gazteak antolatzen dituzten lehiaketetan eta beste deialdi batzuetan irabazle suertatu dira.Hastapenetatik, hard-rocka izan dute gustuko. Jon Montanchezen (ahotsa) etorrerarekin ukitu berria eman zioten taldeari. «Konturatu ginen Jonen ahotsak aukera zabalagoak ematen zizkigula, eta melodiari behar adina garrantzia ematea erabaki genuen», azaldu du Iurgi Latxak (gitarra). Ińigo Rozas-ek (baxua, ahotsa) eta Asier Martinez-ek (bateria) osatzen dute banda bizkaitarra. Ehiztari taldeak erreferentziatzat ditu, adibidez, Queens Of The Stone Age estatubatuarrak edo Velvet Revolver taldeak, musikaren munduan. Horien jarraitzaile badira ere, sortzeko orduan eragina ez dela oso nabarmena esan dute. «Badugu gure izaera», nabarmendu du Iurgi Latxak. Eurena rock indartsua da, gitarra sendoek bat egiten dute baxuarekin soinu gogor hori emateko. Jonen ahotsaren melodikotasunak pop ukitua ematen dio.
Kritiko baina itxaropentsu Testuak sentimenduei buruz mintzo dira.Bizi dugun egoerari buruzko erreferentziak ez dira falta. «Gaur egungo munduari, gizarteari, kritika egin diogu, baina beti mezu itxaropentsuarekin: denok, bakoitzak bere neurrian, gauzak aldatzeko gai garela esanez», aipatu du Latxak. Jon Montanchez-ek eta Asier Martinezek sinatu dituzte hitzak.
‘‘Ehiztari’’ lana iragan urtean grabatu zuten Jean Phocas soinu teknikariarekin,Elkar estudioan. Joan den urtarrilean masterizatu zuten eta kalean da dagoeneko. Hamar abesti bildu dituzte lehen CD honetan.«Esperientzia ona izan da», aitortu du Latxak. «Egonak ginen estudio batean aurretik, maketak grabatzen, baina ez disko bat egiten. Bageneukan gogoa eta oso ondo joan da dena. Phocasekin oso gustura egon gara. Oso teknikari profesionala da eta lan txukuna izan da emaitza», gaineratu du.
|