Irujo: «Txapelaren zati handi bat zaleei zor diegu»
·Pedro Martinez de Eulatek «finaleko giroak oilo ipurdia atera» ziola aitortu zuen prentsaurrekoan
GASTEIZ
Pilotariak ez dira berez hitz jario handikoak, are gutxiago ordu bete pasako esfortzuaren ostean. Dena dela, irabazleari errazago aterako zaizkio azalpenak eta irribarreak ezpainetatik, zoritxarrez, txanponaren beste alderdiaren mikatza nozitu behar duenari baino. Azken horrek nekez luzatuko ditu nahitaezko direnak baino berba bi gehiago.Horretan ziren atzo ere, Gasteizko finaleko protagonista nagusiak. Juan Martinez de Irujo eta Pedro Martinez de Eulate pozarren, irribarrea ezpainetan eta txantxetarako gertu azaldu ziren prentsa aretora. Ez ordea, Aimar Olaizola eta Oier Zearra. Partidako protagonista izan zen atzokoan Martinez de Irujo, baita prentsaurrekoan ere. «Lehenengo zatia oso gogorra izan da», bota zuen Irujok, hitzetik hortzera. «Oso borrokatua izan da lehenengo zati hori, baina neurketa erdian ihes egitea lortu dugu, eta, tira, hogeita bigarren tantora iritsi arte. Ni neu 11-15 edo gindoazela gozatzen hasi naiz, frontoian zegoen giroaz, finalaz beraz. Gogo biziz etorri naiz finalera eta pilota bizi atera zait eskutik, eta txapa gainean, gainera. Oso pozik nago egindako lanarekin, baina ez gaur bakarrik, txapelketa osoan egin dugun jokoagatik», aitortu zuen Iberoko aurrelariak.
Gogortuta hasieran
Hala eta guztiz ere, lehenengo tantoetan «gogortuta bezala» atera zela onartu zuen Irujok. «Gogotsu atera naiz lehenengo unetik, baina aurreneko tantoetan nahiko gogortuta egon naiz. Agian, aurreneko tantoa egiteak nire burua nolabait askatzeko balio izan dit, eta ondoren egin dudan lanaz nahiko pozik egon naitekeela uste dut», adierazi zuen binakako txapelketako pilotaririk nabarmenenak. «Partidak aurrera egin ahala, erosoago sentitu naiz. Bikote gisa jokatzen asmatu dugu. Pedrok oso pilota gutxi hutsegin ditu eta erakutsi dugu ongi uztartu garela biok», adierazi du.Bestalde, frontoiko jendetzarekin eta giroarekin oso pozik azaldu zen aurrelari nafarra. «Txapelaren zati handi bat zaleei zor diegu. Giro bikaina egon da harmailetan. Betidanik esan izan dut», gehitu du.
Eulate pozarren
Lehenengo txapela irabazi berritan pozarren zegoen Martinez de Eulate, Lizarran sorturiko atzelari erraldoia.«Hemengo jendetza eta giroa ikusita, oilo ipurdia atera zait. Zortzi-hamar tanto egin artean nahiko gogortuta aurkitu dut nire burua», onartu zuen. «Gero bai, hiruzpalau tantoko aldea lortu dugunez geroztik, askoz ere lasaiago jokatu dut. Gustura nago, txapela irabazi dugulako», aitortu zuen Eulatek. «Aimarrek eta Zearrak, atzetik jartzean, konfiantza galdu dutela uste dut. Beldurra-edo sartu zaie, eta horrek tantoak eta partida ere galtzea ekarri die», iritzi zuen Eulatek.
Olaizola: «Guk baino hobeto jokatu dute»
A.G. GASTEIZTriste eta burumakur azaldu ziren hedabideen aurrera Aimar Olaizola eta Oier Zearra. Hala ere, kiroltasuna eta hurrengo batean binakako txapela irabazteko itxaropena erakutsi zuten. «Argi dago inori ere ez zaiola galtzea gustatzen», aitortu zuen Goizuetako aurrelariak. «Ilusio handiekin etorri gara finala jokatzeko asmotan, eta, tira, nik uste partda erdira arte nahiko ondo jokatu dugula, eta horrela lortu dugula markagailuan aurretik iristea erdilanetara. Alabaina, une horretan jokoan beherakada izan dudala uste dut, eta Irujok erritmo latza ipini dio partidari. Eulatek ere ia ez du hutsik egin, eta horrela, abantaila handia hartu digute azkenerako», onartu zuen Olaizola bigarrenak. Iztarrean nolabaiteko molestiak nabaritu zituela aipatu zuen goizuetarrak, baina ez zuen aitzakiarik bilatu nahi izan. «Bai, iztarrean-eta molestiaren bat igarri dut eta horrela eskuarki eramaten ditudan zenbait pilota huts egin ditut. Bestetik, Irujok sake pare bat sartu dizkigu eta opari batzuk egin ditugu», aipatu zuen. «Partida guk baino hobeto jokatu dute eta irabazleak zoriondu besterik ezin dugu egin. Hau da galtzen dudan bigarren binakako finala, baina gaztea naiz eta denbora egongo da. Ea zorte hoberik izaten dugun», esan zuen Olaizolak. Bestalde, finalera bidean Aimar Olaizolak auto istripua izan zuen, nahiz eta ia ez zuen aipatu ere egin buruz buruko txapeldunak. «Hala da, Gasteizera bidean istripua izan dugu, baina hori ez da aitzakia», esan zuen. Oier Zearra Galdakaoko atzelariak, berriz, hauxe adierazi zuen: «Nahiko lasai atera gara finalera. Ondo zentratuta, eta nahiko ongi eutsi diegu erdira arte. Artean, 11-14 galtzen gindoazela ere, konfianza nuen, baina Irujok erritmo oso bizia ezarri du, eta bigarren zatian gu baino hobeak izan dira. Bikain jokatu dute».
|