VWeko langileek lau orduko lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte
Volkswagen Navarrako langileek mobilizazio eguna zuten atzokoa. Aurrekoetan gisa, langileen gehiengoak hartu zuen parte lau orduko lanuzteetarako deialdian, eta, horrekin batera, bi elkarretaratze ere egin zituzten goizean zehar lantokian bertan. Hori bai, UGT eta CC sindikatuek ez zuten parte hartu ekintzetan.
IRUÑEA
Volkswageneko langileek txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egin zituzten atzo komitearen deialdiari jarraiki. UGT eta CC, hala ere, ez ziren lanuzteen aldekoak, nahiz eta adierazitakoaren arabera, «begiruneagatik» euren afiliatuei ez zieten parte ez hartzeko deialdia egin. LABeko lantokiko ordezkariaren, Benito Utergaren, esanetan, lanuzteek «jarraipen ona» izan zuten. «Kontentu gaude erantzunarekin, jendeak borrokan jarraitzeko gogoa daukala adierazten baitu», azaldu zuen. Era berean, elkarretaratze jendetsuak ere egin zituzten «langileek erabakitako moduko hitzarmenaren» alde, Utergak adierazi gisa. Lehena Zuzendaritzaren bulegoen aurrean izan zen, eta lantokiko ate nagusiaren parean bigarrena. Elkarretaratzean, gainera, komitearen gehiengoak adostutako ohar informatiboak ere banatu zituzten langileen artean, hau da, LABek, CCOOk eta CGTk adostutakoak, hain zuzen. Oharretan NafarroakoGobernuaren, Zuzendaritzaren eta UGTren jarrera salatu zuten: «Triunbiratuak iragarpen latzak besterik ez ditu egiten eta langileak egiten ditu horien erantzule» .
Nafarroako Gobernua
Komitearen gehiengoak, gainera, idatzian adierazi zuen herrialdeko etorkizun industrial eta ekonomikoa «batez ere bere menpe» duela Nafarroako Gobernuak, eta urtarrilaren 26an langileen artean egin bozketan ateratako planteamenduaren alde egiten jarraituko dutela gaineratu zuten. Bestalde, gobernuak orain egun batzuk egindako laudo eskaintzari buruz zera esan zuten: «Komitera ez da idatziz proposamenik iritsi, eta, iristen bada, komiteak aztertuko du». Ildo beretik, Industria Kontseilaria, Jose Javier Armendariz, zuzendaritzarekin eta komiteko sindikatu guztietako ordezkariekin bildu zen atzo, haren hitzetan, «Gobernuaren jarrera» adierazteko. Gaur 13.00ak baino lehen laudoren gainean erabaki bat hartzeko eskatu zien bildutakoei Armendarizek.
|