Administrazioek, euskaran, gutxiegi
S sumatzen duguna batzuetan mingarriago, edo pozgarriago, zaigu idatzita, grafikoki ikusita, kontzientzia argiagoa hartzen dugulako. Halako zerbait gerta liteke Hizkuntz Eskubideen Behatokiak atzo aurkeztu zuen Urteko Txostena, bosgarrena, irakurri ostean. Haren ondorio nagusia ez da pozteko modukoa: Euskal Herri osoan euskaldunen eskubideek urratuta segitzen dute, eta urraketak arlo publikoan izaten dira gehienik. Txosten hori, gainera, ez da inoren intuizio hutsa, kasu errealetatik ateratako ondorioa baizik. Izan ere, diagnosia egiteko «Euskararen telefonoa» izan du iturri, herritarrek beren kexak, zoriontzeak eta kontsultak helarazteko duten tresna zuzena, alegia. Behatokiko arduradunek esan zutenez, urraketa horrek ez dakarkie inolako kosturik urratzaileei: Estatu frantsesari, Nafarroako eta Lakuako gobernuei. Hirurak ere, Europa etengabe ahoan dutela, ez dira gauza Euroituna bera betetzeko batzuk ezta sinatzeko ere. Euskara erabiltzea, berriz, garestia izan daiteke herritarrarentzat, baztertuta edota dagokion zerbitzurik gabe geratzeraino. Euskal Herri osoan euskara aintzatesten ez den artean, urraketak, desberdintasun eta bereizkeria egoerak iraungo du. Ez da kontu berria. Horrek ez du esan nahi, ordea, bidean eseri behar dugunik egun horren zain. Ofizialtasuna euskal herritarren eskubidea da, eta beharrezkoa, ezinbestekoa da euskara dagoen egoera larritik ateratzeko. Horrek ez du esan nahi, halaber, hainbat mailatako administrazioek, herri hau banatuta dagoen erkidego edo komunitateetatik udaletara, ez dutela ezer egiterik. Bitarteko gutxiagorekin, eta apalagoekin, herritarrek asko egin daitekeela erakusten dute, haurrak euskarazko ereduetan matrikulatuz, askok euskara ikasi edo hobetuz, haren aldeko jarrera agertuz... Zoritxarrez, hainbat arlotan bezala, administrazioak herritarren atzetik doaz euskararen defentsan, erabileran, errespetuan. Behatokiak euskal hiztunen eskubideak berma daitezen lan egiten du, txalotzeko moduan lan egin ere, baina ez dugu ahaztu behar ardura hori, premia hori, maila guztietako administrazioei dagokiela, hala behar lukeela, behintzat. Baina, negargarrian poztekorik ere bada. Txostenak dioenez, herritarrak gero eta kontzientziatuago daude hizkuntz eskubideei dagokienez; halaxe erakusten du, bestalde, Behatokiaren zerbitzura gero eta jende gehiagok jotzeak. Txarra litzateke arazoaren larria ez sumatzea. -
|