Lapurdiko lizeo nagusiak blokatu dituzte ikasleek CPEren aurka
Ikasleek Lapurdiko lizeo nagusien blokeoari eutsi zioten atzo, CPE kontratuaren aurkako mobilizazioetan. Estatu frantseseko hainbat tokitan errepideak eta trenbideak itxi zituzten. Gainera, mobilizazioak gogortzeko deia egin zuten ikasleen erakundeek, UMPko alderdiko ordezkariekin elkartu ondoren.
BAIONA
Donibane Lohizuneko Ramiro Arrue eta Maurice Ravel eta BaionakoLouis De Foix lizeoek aste hasieran hasiriko blokeoen ondotik, CPE kontratuaren aurka beste lau ikastetxe lotu zaizkio protestaldiari. Atzo, izan ere, Baionako Bernat Etxepare ikastolan, Rene Cassin lizeoan, PaulBert lizeo profesionalean eta Biarrizko ostalaritza eskolan blokatzea hasi zuten ikasleek. Harriz, burdinazko barrotez eta egur puskez osaturiko barrikadak jarri zituzten ikastetxeetako ateetan, eta sarrerak guztiz oztopatu zituzten. Baionako Cassin lizeoko ikasleek kamioiak alokatuak zituzten paletak garraiatzeko.Ikasleen protestaldia dela-eta, eskola gabe geratu ziren ikastetxeetako ikasleak, eta ekintzak gaur arte jarraitzeko asmoa daukate CPE kontratuaren aurkariek; bederen, bihar arratsean hasten diren Pazkoko oporrak arte. Bestalde, atzo arratsaldean, Donibane Lohizuneko karriketan, ikasleek manifestaldia egin zuten. Oporrak hastekotan daudela-eta, CPEren aurkako mugimendua egiten jarraituko duten edo ez eztabaidatuko dute ikasleek ondoko asteartean Baionako unibertsitatean izango den biltzar nagusian. Bernat Etxepare ikastetxean, oporretan ere ikastola blokatzearen alde zeuden; Baionako Cassin lizeoan, aldiz, ikasleen erranak aurkakoak ziren. Errepideak eta trenbideak ere itxi zituzten Parisko Ekialdeko Geltokian, Nantesen, Rennesen, Lorienten, Kinperen, Limogesen eta Marseillan. Tolosan A380 hegazkineko zatiak garraiatzeari ere utzi zioten Airbuseko lantokira eramaten zituztenean.
Villepin, jarraitzeko prest Ekintza horiek guztiek ikasleen koordinadorak deitutako mobilizazioei erantzun zieten jarduera ekonomikoa geldiarazteko eta CPE kontratua bertan behera utz dezatela eskatzeko. Langile eta ikasleen hamabi sindikatuk apirilaren 17a baino lehen kontratua ezereztatzeko eskatu dute.
UMP Gobernuko alderdiaren ordezkariak ikasleen erakundeekin elkartu ziren atzo, baina ikasleek mobilizazioak gogortzeko eskatu zuten, ez zutelako inolako aldaketarik ikusi. Dominique de Villepin lehen ministroak, berriz, ikasleei ikastetxeetara itzultzeko eskatu zien, ikasturtea ez bukatzeko arriskua dela-eta. Lau unibertsitatetik hirutan eta 300 institututan zabaldu da protesta.Villepinen arabera, krisitik ateratzeko garaia da. Lehenbiziko ministroa enpleguaren aldeko borroka amaierara arte eramateko prest azaldu zen. Modu horretan, asteazkenean dimisioa aurkezteko asmoa ezeztu zuen. Gainera, CPEren inguruan Gobernu osoa «bat datorrela» eta adostasuna dagoela adierazi zuen.
|