Gaizka Lasa
Esprinter batzuen magia, GPS eta guzti
Atzo bezalako bukaerek jarrera epela eragiten dute jendearengan. Esprint bat eta gizon azkar bat garaile. Normaltzat jotzen dute Oscar Freirek irabaztea, eta ia-ia meritua ere kentzen diote hari. Ez dut esan nahi atzokoak harritu ninduenik, baina askotan ikusi arren, oraindik txundituta geratzen naizela onartu behar dut. Freirek irabazten dituen esprintak ez baitira besteak bezalakoak, hala badirudi ere. Azken metroetako errepikapena bai, hori berdina da: gizon azkarrenen lehia eta irabazlearen potentzia erakustaldia. Bestalde, azken bost kilometroen sutan Freire non dabilen ikusi behar da. Laguntzarik gabe, nora ezean dabilela dirudi. Baina gizon horrek GPS antzeko bat daramala sinesten hasia naiz, azken 300 metroetan hain desiatua den postu horretara eramaten duena. Orain ezkerretara, orain geldirik, orain hauek biak eskuinetik aurreratu, beste honi ukondoarekin ezkerrera bultza, bi horien tartetik nola edo hala pasatu, beste horren gurpilean bukatzeko abiatu baino lehen. Hori guztia orduko 50 kilometroko abiaduran. Gizon horrek botere magikoak ditu. -
|