Jexuxmari LASA | Aizkolaria
«Guri irabazi behar baldin badigu, oso erritmo bizia jarri beharko du»
Jexuxmari Lasa eta Unai Otaño prest eta gogotsu daude igande eguerdian Tolosako zezen-plazan Joxemari Olasagastiren aurka neurtzeko. Zaleek igeldoarra jotzen dute faborito, baina Lasak garbi utzi du oso ezberdina dela bi aritu edo bakarra aritu, eta haiei irabazi behar baldin badie, oso erritmo bizia jarri beharko omen du. Hori bai, bi aizkolari gazte hauek uste osoa dute beren buruengan.
Jexuxmari Lasa, Unai Otañorekin bikoa osatuz, Joxemari Olasagastiren aurka neurtuko da igandean Tolosako zezen-plazan jokatuko den apustuan. Legorretako aizkolari gazte honen estreinako apustua izango da, eta, gainera, Euskal Herriko txapelduna izango du aurrez aurre.
Apustua hilabete atzeratu beharrean izan zarete. Horrek zer egin dizue, mesede edo kalte?
Egia esan, azkenerako luze samarra egin zaigu hilabetea, baina, bestalde, mesede egin digula iruditzen zait. Beste hilabete bat izan dugu prestatzeko, eta uste dut ongi aprobetxatu dugula. Gu sasoian iritsiko gara igandeko apustura.
Tarte horretan Urrezko Aizkorako kanporaketa dezente izan dituzue. Hori mesederako izan da, ezta?
Bai, eta ez. Dudarik gabe, prestatzeko balio izan digu, baina gero jendeak gure erreferentzia badauka orain. Badaki guk gutxi gorabehera zer denbora egin ditzakegun.
Nahiz eta zuek bi izan, jendeak Olasagasti jotzen du faborito. Hori zuentzat hobe al da?
Ez mesede eta ez kalte, azkenean faborito izateak ez du balio, gero bakoitzak berea egin beharko baitu. Gero bakarra beti bakarra izaten da, eta bi beti bi. Jendeak berak atera beharko ditu ondorioak.
Etzandako enborretan zuek txanda bost enborretik bost enborrera egin beharra daukazue. Akaso azkarrago eginda nahiago?
Bai, guretzat azkarrago eginda hobeto izango zen, baina bostetik bostera txanda eginda ere ez dago gaizki. Berak irabazi behar baldin badu, hasieratik oso erritmo bizia jarri beharko du.
Zuen kezka zutikako enborrak ziren. Hala ere, Urrezko Aizkoran nahiko ongi moldatzen zaretela erakutsi duzue.
Bai, alde horretatik ez dago beldurrik. Ni ongi ibili naiz zutikakoan, eta Otaño ere bai. Gero, lan hori txanda librean egin beharko dugu, eta hor alde handia dago. Enborrean bakarrik aritu edo biak txandatuz aritu sekulako aldea dago.
Olasagastik garbi utzi du zutikako enborretara joan aurretik apurtu nahi duela apustua. Beraz, hasieratik oso erritmo bizia jarriko du. Hori zuek ere pentsatuko duzue, ezta?
Bai, hori pentsatzen dugu, eta guk garbi daukagu etzandako enborretan ahal den bezala eutsi beharra daukagula. Gero, bera bakarrik arituko da, eta lana luzea da; tarte horretan beherakada bat edonork izan dezake.
Otañorentzat hau bigarren apustua izango da, eta zuretzat estreinakoa. Pentsatzen dut honek ez duela txapelketekin zerikusirik izango, ezta?
Bai, ezberdina da. Nik ez nuen ezagutzen apustu mundua, eta txapelketekin zerikusirik ez duela konturatzen naiz. Gehiago prestatzen zara, eta ilusioa ere handiagoa izaten da. Gero, gu bi gara, eta horrek konfiantza ematen digu, ez baita gauza bera bakarrik aritu edo aldamenean laguna izan. Horrek beste lasaitasun bat ematen dizu. Bestalde, ni nahiko lasaia naiz, eta oraingoz ongi nago. Gugan uste osoa dugu.
Urrezko Aizkoran Lehen Mailako aizkolari batzuk ere kanporatu dituzu. Horrek berak ere indarra emango zizun, ezta?
Bai, bai, dudarik gabe. Nik nire bururengan uste osoa dut, eta, gainera, seguru nago entrenamenduetan egiten dudana plazan egingo dudala, ez dut uste lan kaskarragoa egingo dudanik.
Zuretzat lehenengo apustua izanda, buruari buelta asko ematen al dizkiozu?
Beno, beti ematen dizkiozu batzuk, baina ni nahiko lasai nago. Gero, lehen esan bezala, bi lagun aritzea alde handia da. Batek bestea animatzeko ere balio du, eta alde horretatik ni nahiko lasai nago.
Erabaki al duzue zein hasiko den lanean lehenengo igandeko apustuan?
Oraindik erabat erabakita ez daukagu, baina seguruenik ni hasiko naiz, eta gero Otañok jarraituko du. Zutikako enborretan, azalean ni hobeto moldatzen naiz, eta hasierako asmoa hori da behintzat, ni hasi eta berak jarraitzea.
Igandean zein eramango duzue laguntzaile?
Nemexio Arregi aizkolari errezildarra. Berekin ibili gara apustua prestatzen, eta bera eramango dugu gure alboan.
Zer giro dago Legorretan eta Ibarra inguruko herrietan?
Giro ona dago. Jendeak kalean geratu eta zer egin behar dugun galdetzen digu, animoak ere ematen dizkigu, giro ona dago. Zer egin behar dugun esatea ez dago erraza, baina Olasagastik berak ere badaki oso apustu zaila daukala. Nik lehenengo desafioa dut, eta irabazteko sekulako ilusioa daukat. Ikaragarrizko gogoa daukat apustu honetarako.
Enborrak zuek eraman behar dituzue. Nolakoak plazaratu behar dituzue, edo hori ezin da esan?
Beno, txarrak ez ditugu eramango. Kaskarrak hartuta ez dago plazara joaterik, baina guk eraman behar ditugula kontuan hartuta, gure aldekoak eramango ditugu, edo guri ongien doazkigunak eramango ditugu, normala den bezala, baina ez gara txarrekin joango.
Olasagastik dio, enborrak onak baldin badira, 50 minuturen azpitik amaitu nahi dituela lanak. Zuek ere hori pentsatzen al duzue?
Bai, ez da denbora txarra, baina irabazten duena hor ibiliko dela uste dut. Hala ere, ikusi egin beharko da lanak zer moduz amaitzen ditugun.-
|