Epaia izan arren, Urbizu Enbalaketak lanean ari dela salatu dute
DONOSTIA
Ez du etsitzeko inolako asmorik. Ramon Zabala altzoarrak duela lau urte inguru ekin zion Altzo Azpin eraikitako zerrategiaren aurkako borrokari. Hasieratik uste izan du egindako lanak ez direla inolako azterketa teknikotan sostengatzen, eta, hori dela-eta, bere garaian epaitegietara jo zuen kasua salatzeko. Donostiako epaitegiak arrazoia eman eta kautela-neurri moduan Urbizu enbalaketak S.L. enpresari jarduera gelditzeko agindua eman zion. Zabala, ordea, ez da konforme, epaileak agindu hori eman arren, enpresak ez baitu lana eten. Horixe salatu nahi izan du.
Altzoko bizilagun horrek salatu duenez, Udalak behar baino lehenago eman zion enpresa horri obra lizentzia, inolako azterketarik egin gabe. «Hasiera-hasieratik bertan egindako lanek ez dituzte behar diren baldintzak bete. Ez da inolako alternatibarik aztertu, bertan egitea pentsatu, eta egin egin dute», adierazi du. Izan ere, Zabalak gogorarazi duenez, «inguru sentibera da oso» enpresa egokitu dutena. «Iturburu naturala eta ehun urtetik gorako hariztia zituen», azaldu du.
|