Julen Murgoitio
Hartzak
Esloveniako basoetatik ekarriko dituzte laster batean hartzak, Pirinioetan behin izan zen hartzen populazioa berreskuratzen hasi asmoz. Bost hartz dira ekartzeko, lau eme eta bestea arra; diskriminazio positiboa. Momentuz behintzat elizak ez du horren kontra egin, nonbait hartzak Pirinioetan sartuta Nafarroako artzapezpikuaren irudia irabazle aterako delakoan; baina, hori bai, kondoirik ez, Jainkoarren! Tira ba, nik ondo deritzot hartzak pirinioetaratzeari, baina hartzekin batera Esloveniak azkeneko urteetan gozatzen duen burujabetasuna ere hona ekartzea nahi nuke, euskaldunontzat ez ezik hartzontzat beraientzat ere bizi-kalitatearen funtsa delako. Hartzekin hain gustura ez daudenak hango artzainak dira, hartzak eta ardiak ez baitira borroka batean irabazle ateratzeko aukera bereko espezieak; horretan berdintasun legeak jai du! Eta jakina, artzainak ardiak zaintzen ditu, ez hartzak. Hala ere, gatazka antzeko hori bulegoetatik bideratu liteke ondo, basotako hartzek larretako artaldeetan eragindako kalteak dirutan egoki, eta arin, zuzenduz gero; baina hor topo egiten dugu bulegotako espezie arraroarekin. Edozelan ere, artaldeak prest daude jada mendira jotzeko, prest eta gainera gogotsu, aurton leku gehiago izango dutelako mendian, suetenaren kontuarekin jende askok utzi diolako mendira jotzeari. Artzain Eguna ospatu berri dute aste honetan, berau delarik irteerako operazioaren seinale. Datozen egunetan mendialdeko bide-gurutzetan ardi-ilarak izango dira, baina kolapsorik gabe, eta hantxe izango dira artzainak eta ertzainak, bakoitza bere zereginetan; batak ardiak zaintzen, erdiak zaintzen besteak, Lakuako Gobernuak zentralitatearen aldeko apustua egina du eta.Lakuako Gobernua aipatu dudala, eta beheko Estatukoarena erreferente hartuta, salbuespen modura, jakina, noizko hemengoan Barneko sailburuaren aldaketa? Ee? Baina, mesedez, ez dadila kimikaria izan! Eta noizko hemengoan Defentsarako sailburu plaza bat lehiaketa publikora atera? Ee? Baina, mesedez, honetarako ere ez dadila kimikaria izan!.Tira, Defentsarako sailburuak Kanpoko Harremanetarako saila bera ere hartu lezake, azken finean gaur gaurkoz kanpotik datozkigulako ofentsarik ofentsenak, eta horietatik dugu defendatu beharra. Izan bitez aldaketa horiek klimarena izan baino lehenago! bes- tela larru gorritan harrapatuko gaituzte kanpotiko erasoek. Piriniotako hartzak larru gorritan harrapatzen ditu neguak, baina horiek badaukate eusteko erreserba nahikorik aldean. Zer erreserba daukagu euskaldunok ofentsei eusteko? Batzuek erreserbarena entzun eta segituan Brent upelaren prezioan jartzen dute itxaropena; badakizu, Aurrera doan Herria ei gara eta! Ba bai, larru gorritan paratu dira egunotan hirurehun bat kaletar Kursaalen barruan, zertarako eta erretratu bat egin diezaieten. Tira! nik hainbeste jende bilu- zik ikusita argazki-film osoa gastatuko nuke; ez da egunero ikusten den paisaia! Zerikusirik ez Irakeko presondegi hartako argazkiekin; Kursaalekoak berez biluztu ziren eta. Artzapezpikuak Kursaalekoa eskuan kondoiaren alde agertu baietz! Zeozer ezkutatuko zuen behintzat! -
|