Diego Velazquezen koadroak ikusteko aukera izan dugu aste santu honetan Pradon. Egia esan “Meninak” koadroak harritu ninduen lehendabizi, duela asko dagoeneko, eta gogoko izan nuen luzaroan, baina gero albo batera utzi nuen Sevillako pintorea, beharbada jendearen artean sortzen duen gehiegizko arretagatik. Adiskidetu egin naiz aurten berarekin berriz baina, haren bigarren mailako lanetan arreta jarriz. Zer pentsatua eman dit berriz ere. Lagun batek esan zidan “Meninak” dagoen gela berean badagoela oso koadro berezia, “Vulcanoren sutegia” izenekoa, eta merezi zuela denboratxo bat hartzea hari begira. Zuzen zebilen laguna.
“Vulcanoren sutegia” Velazquezek Italiara egindako bidaia bat du oinarri-oinarrian. Bizitzaren erdialdera, pintoreak hogeita hamar urte inguru zituela, bi urteko bidaia egin zuen Italiara, pintura klasikoa ikastera. Hantxe gorputza nola irudikatu ikasi zuen batez ere, anatomiaz eta argi itzalez egin zituen azterketak. “Vulcanoren sutegia” ikasketa horien emaitza da. Mito klasiko bat du gaitzat koadroak, baina gaia aitzakia baino ez da koadroan, koadroko benetako gaia gorputza bera da. Kritikariek diote gizonezkoaren gorputza ez dela sekula horren ondo irudikatu koadro hartan bezala, maisulana dela horretan Velazquezena. Eta koadroan arreta jarri eta berehalaxe ohartuko gara horretaz, gizonezkoaren soina ikuspuntu guztietatik azaltzen dela koadroan. Aurrez aurre, zeharka, atzea emanda...
Modeloak erabili zituen Velazquezek koadroa pintatzeko. Hala eta guztiz ere, oso teknika bitxia zuen andaluziarrak. Koadroa bukatu eta gero, ez zuen berehalaxe ezagutuko modeloak bere burua pinturan. Goitik eta behera aldatzen baitzuen modeloaren gorputza Velazquezek. Modeloak erabili bai, baina ez zituen ziren bezala irudikatzen. Asmatu egiten zituen gorputzak, benetan ez diren gorputzak eramaten zituen pinturara. Nahiz eta gaur egun koadroari begiratu eta iruditzen zaigun bene-benetako pertsonak direla koadrokoak.
Behin baino gehiagotan galdetu didate nire idatziak autobiografikoak diren, ea nik bizitakoa eramaten dudan zuzen-zuzenean paperera. Ezetz erantzuten dut nik, bizipenak ez direla benetakoak, nahiz eta halaxe eman. Baina askok eta askok ez didate sinisten. Orain badakit zer esan. Hemendik aurrera erantzungo dut Velazquezen moduan egiten dudala neuk ere, modeloak erabili bai baina aldatu egiten ditudala gero.
Idazlearen lana ez da eta erretratuak egitea, erretratuak asmatzea baino. -