Euskal Idazleen Elkarteak Fito Rodriguez izendatu du lehendakari
Euskal Idazleen Elkarteko Batzar Orokorrak protagonismo berezia hartu zuen lehendakaria hautatzea egokitu baitzitzaion atzo, Gasteizen. Orain arte Tere Irastortzak beteriko lekua Fito Rodriguezek hartzea erabaki zuten bazkideek. Zuzendaritza batzordean Arantxa Urretabizkaia, Joxe Miel Bidador eta Juan Ramon Makuso sartu dira.
GASTEIZ
Euskal Idazleen Elkarteak urteroko Batzar
Orokorra egin zuen atzo, Gasteizko Montehermoso jauregian. Atzo, eta gai-ordenan
bestelako puntuak izan baziren ere, protagonismo berezia hartu zuen lehendakaria
izendatzeak; lau urtean behin egin ohi dutenak, alegia. Ordura arteko
lehendakari izandako Tere Irastortzak EIEko aurrekontuen eta egitasmoen berri
eman zuen lau ordu iraun zuen bileran. Azkenengo mementora arte utzi zuten
hautagaien bozketa. Azkenik, Fito Rodriguez hautatu zuten lehendakari.
EIEko ibilbide osoan lehenengo aldiz, bazkideen botoen
bidez aukeratu dute lehendakaria, orain arte Zuzendaritzak aukeratzen baitzuen
kargu hori, eta Fito Rodriguez hautatu zuten. Azkenengo mementora arte ez zen
susmorik izan nork ordezkatuko zuen Irastortza, eta Fito Rodriguezek berak
adierazi bezala, «sorpresa» izan zen bere izendapena.
Tere Irastortzak gogora ekarri zuen kargua uztea
suertatu zaion toki berean izendatu zutela lehendakari duela lau urte;
Gasteizen, hain justu ere. «Eta denbora honetan guztian ilusio handiarekin egin
dut lan. Esperientzia polita izan da aitortu zuen idazleak. Aldi
berean, pozik nago kargua beste bati utzi izanaz; izan ere, norbere lana eta
lehendakaria izatea zenbait momentutan bateraezinak baitira. Beste alde batetik,
uste dut Euskal Idazleen Elkarteak eta euskal kulturak berak ere erronka handiak
dituztela eta horiei aurre egiteko baliabideak baditugula EIEn». Zuzendaritza
taldean ere berriztapena izan da.Kide berriak Juan Ramon Makuso, Arantza
Urretabizkaia eta Joxe Miel Bidador dira. Ixabel Milletek eta David Tijerok,
berriz, jarraitu egingo dute.
Batzordean, 2006. urterako egitasmoen berri eman zuten.
Irastortzak, besteren artean, bi nabarmendu zituen bereziki. Alde batetik,
komunikazio proiektua indartzea, eta beste aldetik, EIEko egitura
dezentralizatzea, eta, ondorioz, aurten EIEk Nafarroan ordezkaritza sortu du.
«Zuzendaritzari esploratzen jarraitzea eta Elkartea osatzea egokitzen zaio»
Fito RODRIGUEZ
| EIEko lehendakari berria
Lau urterako kargua hartu berri du Fito Rodriguezek. Izan ere, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari izendatu baitzuten atzoko bilkuran. Lehendakaria hautatzeko sistema berria
ezarri du EIEk aurten, eta zu hautatu zaituzte; espero al zenuen? Ez, ez... Izugarrizko sospresa izan da. Eta nola hartu duzu? Ilusioz beterik, noski! (barre egiten du). Zein da lehendakari moduan lehenik eta
behin dituzun asmoak? Goiz da asmoez hitz egiteko. Kargu kolegiatua da hemen hautatu dena, eta hemen lanak banatu behar dira. Zuzendaria ere aukeratu behar da eta nolabait itsasontzia martxan jarri. Itsasontziaren norabidea ematen du eskifaiak eta ez kapitainak. Hemen Gasteizen bildu zen Stanley esploratzailea Gasteizko Manuel Iradier esploratzailearekin. Stanleyek Afrikaren erdian bazegoela Ganbara Gara izeneko leinu bat eta hori euskara zela pentsatzen zuen. Hortaz, Stanley Iradierren bila etorri zen laguntza eske. Hau kontatzen dut, besteak beste, pasadizo bitxia delako eta niri gertatu zaidana ere bitxia delako. Orain arte Elkarteak izandako
ibilbidearekin bat egiten al duzu? Azkenean tokatzen zaizuna, bestelako erakunde edo elkarteetan gertatzen ohi den bezala, egokitzea da. PEN Klubaren sorreran egon naiz, eta zuzendaritzan nago, eta konturatzen zara denbora pasa ahala, gauzak moldatzen joan behar direla. Uste dut hau horren ondorio zuzena dela. Ondorioak askotan ustekabekoak izaten dira eta niretzat nahiko ustekabea izan da hau, baina beharrezkoa ere bai. Egokitzapen horretan aurreko zuzendaritzak lan handia egin du, itsas beltz horretan Conrade-k esango zukeen legez, ilunpetan ibili dira haiek eta bizirik atera dira, eta guri esploratzen jarraitzea tokatzen zaigu. Zer behar du, beraz, Elkarteak? Elkarteak asko sufritu du eta orain barealdia tokatzen zaio. Dezente sufritu eta gero, barealdi honetan orain osatzea tokatzen zaio, hortaz.- J.V.M.
|