BILBO
Kofi Annan NBEko idazkari nagusiak uko egin dio urteetan bere esku egon den Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio prozesuan lan egiten jarraitzeari.Orekarik gabeko bake prozesua Marokoren eta Polisarioaren esku uztea erabaki du nazioarteko erakundeak eta, begirale askoren ustean, erabakiak ateak zabaltzen dizkio gerraren aukerari, «ez baitzaie beste irtenbiderik uzten sahararrei».
Erabaki horren aurkako protesta egin zuten atzo Sahararen aldeko elkarteek Bilbon eta Iruñean, Euskal Herriari dagokionez, eta Madrilen. Estatu espainoleko hiriburuko protestaldia Marokoko Enbaxadaren aurrean egin zuten. Marokoko Gobernuaren jarrera salatzeaz gain, espainolarenaren aurkako mezurik ere entzun ahal izan zen. Antolatzaileek adierazi zutenez, PSOE alderdiak hilabete asko daramatza lanean bere kideek Marokoren aldeko jarrera onar dezaten.
Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolari esan zioten berak suspertutako Zibilizazioen Aliantzak porrot egingo duela sahararren eskubideak zapaltzen badira.
Madrilen bertan, 150 marokoarrek elkarretaratzea egin zuten Aljeriako Enbaxadaren aurrean, Estatu horren «esku-hartzea» salatzeko eta Mohamed VI.aren ekimenak txalotzeko.
Askapenak prentsa oharra kaleratu du gertatutakoari buruz, eta «demokrazia, justizia eta askatasunean oinarritutako gatazka politikoen konponbideak gauzatzeko herri zapalduen arteko elkartasunak duen garrantzia» nabarmendu du. «NBEk berriro ere erakutsi du inongo baliorik ez duela hiru printzipio horiek ziurtatzeko herrien arteko harremanetan». Askapenaren iritziz, «ezinbestekoa da beste formula bat bilatzea Estatu inperialistei aurre egin eta pertsona eta herri libreek osatutako mundu bat eraikitzeko». Idatziak eransten duenez, «Gobernu espainolaren ardura agerian gelditzen da berriro. Berak saldu zuen Sahara, berari dagokio Maroko Erresumari presionatzea».