Ibaetako Foroa:«Presoekiko jokaerak frogatzen du Estatu frantsesa buru-belarri sartua dela gatazkan»
Ibaetako Foroak beste batzar bat egin zuen, atzo, Baionan. Ez zuen kasualitatez aukeratu Lapurdiko hiria horretarako. Izan ere, Estatu frantsesari dei berezia egin zion bertatik, eta «argi eta garbi gatazkaren parte» dela gogorarazi zuen. Paris euskal presoei egiten ari zaien «errepresioa» horren frogatzat jarri zuen, eta azken hiru urteotan haien egoeran izan diren «okertze nagusiak» nabarmendu zituen. Urtarrilean Bilbon egindako manifestazioaren lelo berberarekin, «Euskal presoak Euskal Herrirat, dagozkien eskubideen jabe», ekainaren 24an Baionan beste bat egingo dutela esan zuen.
BAIONA
«Gure biltzarra Lapurdiko hiriburuan egin badugu ez da menturaz izan, Gobernu frantziarrari mezu argia bidaltzeko baizik: Euskal Herriak pairatzen duen gatazka politikoan buru-belarri sartua dagoela, alegia». Irmotasunez egin zuten adierazpen hori atzo, Baionan, Panpi Sainte-Mariek (ELB) euskaraz eta Mixel Mendibourek (Anai-Artea) frantsesez, Ibaetako Foroaren izenean.Haien esanetan, Parisko Gobernua temati ari bada ere behin eta berriz gatazkan zer ikustekorik ez duela esaten, foroko kideen ustez, argi dago «presoei egiten ari zaien errepresioak berak kontrakoa» frogatzen duela. «Oraindik ere hori frogatzea beharrezkoa bada, bederen», gaineratu zuten. Gaur egun, euskal preso politikoen kolektiboko kideen %25 Estatu frantseseko espetxeetan daude sakabanaturik eta, Gobernuak «aferan inplikatua ez dagoela dion une berean, haien kontrako errepresioa etengabe indartzen» ari dela leporatu zioten bi bozeramaileek. Presondegi frantsesetan gertatzen den guztia azaltzea ezinezkoa litzatekeela argitu, eta azken hiru urteetan «presoen egoera okertzea ekarri duten aldaketa nagusiak» nabarmendu zituzten.
Okertze nabarmenak
Okertze horien artean, sakabanaketa indartu izana aipatu zuten: «Argi geratu da epaileek instrukzioa egiten duten tar- tean presoak Parisen izan behar zituztela erabiltzen zen aitzakia gezurra dela, orain haiek ere sakabanatuak daudelako». Horrekin batera, bakartze politika, «baita espetxe berean daudenen artean ere», areagotu egin dela salatu zuten; kanpoko komunikazioa, berriz, asko zaildu, batik bat bisita baimenak lortzeko orduan jarri dituzten oztopoengatik; zigorrak emendatu egin dira, «gaizkile elkarteengatik 20 urteraino eta buruzagi izateagatik 30 urteraino igaro baitira»; epailearen instrukzioaren iraupena izugarri luzatu, eta, eskubidez, aske izan beharko luketenei baldintzapeko askatasuna ukatu egiten ari zaiela gaineratu zuten, eta Filipe Bidart preso baigorriarraren kasua aipatu zuten. Joan den azaroan Euskal Herriko sindikatu, alderdi eta zenbait eragilek birsortutako Ibaetako Foroak orain artean egindako ekimenak gogorarazi zituzten agerraldian, batez ere, urtarrilean Bilbon egindako manifestazio jendetsua «Euskal Presoak Euskal Herrirat dagozkien eskubideen jabe» lelopean. Lelo berarekin, baina oraingoan, Baionan, ekainaren 24an, beste manifestazio bat egingo dutela jakinarazi zuten, eta azken ostiraletan, Etxerat-en elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin zuten. Bost sinatzaile berri eta beste sei eragile,
begirale gisa
Atzoko batzarrean, Ibaetako Forora gehitu berri diren beste bost eragileren izenak ezagutarazi zituzten: Lapurtarren Biltzarra, Demoak, Euskal Herria Zuzenean jaialdia, Herriarekin apaiz taldea eta Pilotaren Kolektiboa. Beraz, 39 dira Foroaren kideak. Horrez gain, beste sei taldeko kideek ere parte hartu zuten begirale moduan, eta oraingoz ez dute izenik eman. Hauek dira beste sinatzaileak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, Hiru, EHNE, ELB, AEK, Herria 2000 Eliza, Segi, Bai Euskal Herriari, Torre de Babel, Hegoaren Sarea, Duina, Etxerat, TAT, Askatasuna, Bilgune Feminista, EGHAM, Eguzki, Gurasoak, Askapena, Behatokia, ESAIT, EHE, EHBE, Iratzarri, IA, Anai Artea, IPES, Komite Internazionalistak, AC!, Elkartzen eta Hemen eta Munduan. Datozen asteetan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako sindikatuekin harremanetan jarriko da Foroa.
|