AHTk baserri lurretan eragingo dituen kalteak eta informazio falta salatu ditu EHNEk
DONOSTIA
EHNE sindikatuak Abiadura Handiko Trena (AHT) bere eskaeren ardatz bilakatu zuen Lurraren Egunean Donostiako Alderdi Ederren egin zuen elkarretaratzean. Sindikatuko Gipuzkoako presidente Eneko Karrerak aditzera eman zuenez, AHTk adierazten duen inposaketa salatu nahi izan zuten. Haren esanetan, AHTk lur eremu handiak hartuko ditu eta horrek baserritarrei kalte handiak eragingo dizkie. Era berean, gizarte guztiari eragingo dion kaltea ere salatu nahi izan zuten «gizarterako eta ingurumenerako oso kaltegarria izango baita». Karrerak nabarmendu zuenez, baserritarren artean handia da kezka. «Arduratuta gaude, batetik, kenduko zaizkigun lurrengatik; eta, bestalde, informazio gabezia handia delako. Oraindik ez dakigu trena nondik igaroko den eta zein lur kaltetuko dituen. Lurraldea bitan banatuko duen trena da eta, noski, kezka handia da». Nabarmendu zuenez, ezinezkoa da jakitea zenbat baserritar kaltetuko dituen. «Lakuako Gobernuarekin harremanetan jarri ginen, baina ezertxo ere ez ziguten argitu trazatuari dagokionez», esan zuen. Halaber, Euskal Herriari begira garatutako proiektua ez dela nabarmendu zuen, eta «batzuen poltsikoak bete eta aldean beste batzuk bizibiderik gabe» utziko dituen proiektua dela adierazi zuen EHNEko Gipuzkoako presidenteak. Salaketak irudikatzeko, elkarretaratzean parte hartu zuten ehun bat lagunek errepidea itxi zuten alanbre sarearekin. «Gutxi gorabehera 50 metroko eremu bat itxi nahi izan dugu; kasurik hoberenean AHTk hartu duen eremua, hain justu ere. Hala ere, Gipuzkoaren kasuan, esate baterako, oso maldatsua denez gero, zenbait lekutan 200 metroko eremua ere hartuko du», nabarmendu zuen Karrerak. Bidea itxi eta berehala, Ertzaintza agertu zen, alanbre sarea moztu zien eta elkarretaratzea egiten espaloian jarraitzeko agindu. «Errepidea ixtea delitua bada, delitu da ere bai baserritar askori beren bizibidea lortzeko bidea moztea. Izan ere, askotan baserria aurrera ateratzea eragotziko zaie; bai, behintzat, modu egokian», kexatu zen.
Mobilizatzeko deia
EHNE sindikatuko kideek, halaber, aukera aprobetxatu zuten bihar Lakua parean AHT Gelditu Elkarlanak antolatuta egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egiteko. Elkarlanak AHTren lanak hasteko Lakuak eta Madrilek sinatuko duten hitzarmena salatuko du. Halaber, aurrerantzean egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.Batasunak ere Lakuaren parean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuen atzo. Haren ustez, Lakuak inposaketaren bidea hautatu du, eta «herritarren hitzari muzin» egin dio. «PNVk herritarren interesen gainetik bere negozio interesak babestu eta bultzatzen ditu, eta zentzu horretan dator estatuarekin sinatuko duten akordioa, non, lurren desjabetzeak, ingurumen txikizioak eta zenbaiten interes espekulatzaileak gailenduko diren», azaldu zuen Batasunak. Alde horretatik, EAJk eta PSOEk berehalakoan AHT proiektua bertan behera utz dezatela exijitu zuten. «AHTren eredu neoliberal eta kapitalista hau gainditzeko apustu sendoa berretsi nahi dugu, eta Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko konpromisoa adierazi».
|