ARTZINIEGA
Arte Etnografia Elkarteak antolatutako herri oratzea prestatu eta dastatu zuten atzo, Artziniega Museoan.Artziniegako eta inguruetako ohiturei jarraituz antolatu eta egin zuten atzoko ekimena. Ama-aitabitxiek semebitxiei erroska oparitzen zieten. Erroska ogiak txorizoa eta arrautza izaten zituen, eta haur guztiak erroska jateko elkartzen ziren.
Atzo, museoaren sukaldean, irina zakutik atera eta azpil batean bahetu zuten. Ondoren, baserri batean joan den astetik gorderik zegoen legami jaikia ur beroarekin eta gatz apur batekin nahasten hasi ziren. Ondo nahasi eta gero, irina bota zuten poliki, eta eskuekin ondo nahasi zuten ore uniformea lortu arte.
Ogi orea estali zuten epel egon zedin eta legamiari bere lana egiten utzi zioten: orea jaikitzea. Ogi orea zatitu zuten geroago, eta opilak eta erroskak egin zituten.
Bitartean, bertaratutako haurrek ogi ore zati bana landu zuten, eta forma eman ziotelarik, pertsona nagusiek ogiak dastatu zituzten. Ekimenari hasiera eman baino lehenago, kalejira egin zuten Artziniegan, «jendeari gogora- razteko zerbait berezia bazegoela eta bertan parte har zezaten».