- Arrauna
Faboritoek ez zuten hutsik egin, eta gaur jokatuko dute Euskadiko Batel Txapelketa
DONOSTIA
Faboritoek ez zuten hutsik egin sailkapen proban, eta gaur jokatuko dute, 11.30ean, Euskadiko Batel Txapelketa. Gizonezkoen senior mailan, Gipuzkoako txapeldunak lehenengo postua bereganatu zuen; eta bigarrenean, aldiz, Bizkaiko txapelduna sailkatu zen. Zumaiaren eta Bateratzeren artean segundo biko aldea ere ez zen izan, eta gaur Euskadikoa irabazteko borroka estua izango dutela aurrez ikusten da. Arkote eta Ilunbe hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Federazio Torneoan, ostera, Santurtzi, Isuntza, Donostia Arraun Lagunak eta Deustu arituko dira. Emakumezkoetan, gazte senior mailan, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapeldunak izan ziren azkarrenak. Tolosaldeko Arraun Klubak aurreneko postua lortu zuen, eta Portugalete bigarren sailkatu zen; irabazleak bost segundo atera zizkion. Isuntza eta Ondarroa ondoren helmugaratu ziren, eta talde bi horiek ere Euskadiko Txapelketa eskuratzeko lehian izango dira. Orio, Zierbena, Kiriko eta Arkote Federazio Torneoan arituko dira. Gizonezkoen gazte mailan, berriz, Orio, Pasai Donibane Koxtape, Ondarroa eta Arkote lehiatuko dira garaipenaren bila. Kadete mailan, ostera, Mundaka, Ondarroa, Arkote eta Orio izango dira uretan; eta haurren mailan, berriz, Santurtzi, Ondarroa, Hondarribia eta Mundaka.
|