BIARRITZ 18
BATH 9
DONOSTIA
Biarritzek maiatzaren 22an Cardiffen Milenium estadioan jokatuko den finalerako txartela lortu zuen atzo. Zuri-gorriek aurreikuspen guztiak bete zituzten, eta ongi merezita lortu dute txartela.Lapurtarrak hasieratik gehiago izan ziren. Ez zuten partida ikusgarria egin, baina hori aurretik ere pentsa zitekeen, asko baitzegoen jokoan, eta hutsegiterik txikiena ere garesti ordain baitaiteke. 15-9koarekin bakarrik pasatu zituzten larritasun batzuk, baina azken segundoetan Yachvilik, atzoko onenak, garaipena segurtatu zuen.
Lehen zatian Biarritzek izan zuen partidaren ardura, baina entseguko marrara ez zen gehiegi hurbildu, eta entsegu bat bera egiteko aukerarik ere ez zuen izan. Hala ere, partida berehala jarri zen bere alde, bosgarren minutuan Yachvilik lehen zigorra ez zuen alferrik galdu, eta lapurtarrak 3-0 aurreratu zituen. Bost geroago aldea gehitzeko aukera izan zuen Peyrelonguek. Baloia leku onean hartu eta drop-a egin nahi izan zuen, baina ez zuen asmatu. 18. minutuan Yachvilik bigarren zigor-kolpea ere barrura bota zuen, eta aldea gehitu zuen.
Lehen zatiaren erditik aurrera, ingelesak jokoan gehiago sartzen hasi ziren. Euria hasi zen, eta baloia eskura jokatzea gero eta zailagoa egiten zen. Malonek zigor bati esker aldea murriztea lortu zuen hogeigarren minutuan, baina hiru geroago Yavchvilik berriro ere aldea gehitu zuen.
Malonek, ingelesen jaurtitzaileak, bigarren zigorrarekin ez zuen hutsik egin, eta 9-6koa jarri zuen markagailuan. Atsedenerako hamar minuturen faltan, beste zigor bat izan zuen, ia zelai erditik, eta jaurtitzeko erabakia hartu zuen, partida berdintzea garrantzitsua baitzen, baina ez zuen asmatu. Hortik eta atsedenera bitarte, Biarritzek nagusi izaten jarraitu zuen, baina Bath ongi aritu zen atzean, eta markagailua bere horretan zela joan ziren aldageletara.
Bigarren zatian, Biarritz indartsu zelairatu zen; kanporaketa ahalik eta azkarrena segurtatu nahi zuen. Hirugarren minutuan Yachvilik zigorra aprobetxatu zuen markagailuan tarte handiagoa egiteko, eta lau minutu geroago Traillek drop-a lortu zuen. Zuri-gorriak erasoan zebiltzan, entseguko marrara gerturatu nahian, baina Batheko defentsa gainditzea zaila zen. Trauillek, ordea, leku onean hartu zuen baloia, eta 15-6koa jarri zuen markagailuan.
Euskaldunek, orduan, apur bat atzera egin zuten. Partida nahi zuten lekuan zeukaten; eta ingelesek, berriz, erasora jo beharra zuten, bestela ezinezkoa izango baitzitzaien zerbait egitea. Horixe egin zuten, baina atzo berriro ere garbi erakutsi zuten zuri-gorriek duten atzealdea Europako onena dela, eta Batheko jokalariek ezin izan zuten zulorik bilatu. Horrelakoetan zigorrak aprobetxatu behar izaten dira, eta Malonek izan zuen aukera ongi aprobetxatu zuen. 15-9koa jarri zuen.
Oren laurdena geratzen zen partida amaitzeko. Bathek transformatutako entsegu bat lortuta aurretik jarriko zen, eta hor izan zituen estutasunik handienak. Ingelesek une batzuetan nahiko gertu izan zuten entseguko marra, baina berriro atzean sendo aritu ziren, eta ahal zutenean erasora jo zuten.
Partidako azkeneko minutuetan, berrio ere Biarritzek gora egin zuen, eta nagusitzen hasi zen. Azkeneko minutuan berriro ere zigorra euskaldunen alde, eta Dimitri Yachvilik ez zuen hutsik egin; 18-9koa jarri zuen markagailuan. Ia denbora agortuta zegoen, eta epaileak amaierako txistua noiz joko zuen itxarotea besterik ez zen geratzen, finalerako txartela eskuetan baitzegoen.
Amaieran sekulako poza, bai harmailetan, baita zelaian ere. Jokalariek zelaiari itzuli osoa eman zioten garaipena ospatzeko. Lehiaketa hau biribiltzeko, Galeseko finala irabaztea bakarrik geratzen da.Balentria handia litzateke.