Hilargi Jaunarena Portillo eta Gotzon Zabaleta Mendia - Etxerat-eko kideak
Guztion artean errealitatea aldatuko dugu
Nafarron historiari lotuta dago errepresaliatu politikoen existentzia. Herri honen eskubideen defentsan aritzeagatik heriotza, tortura, erbestea eta kartzela eguneroko ogi izan dira milaka nafarrontzat. Egun ere, hamarnaka dira espainiar eta frantziar estatuen exterminiozko kartzeletan preso dituzten gure senideak eta lagunak, eta ehunka torturaren atzaparretatik ihesi mundu osotik barrena barreiatuak. Errealitate gordin horrek mendeetan zehar belaunaldiz belaunaldi igarotzen ari den gatazka politikoak bere gordintasun osoan indarrean jarraitzen duela erakusten digu.Izan ere, agintariak biolentziaren amaieraz mintzo zaizkigun bitartean, herri honetako seme-alabez osatua dagoen Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat eguneroko ogi izaten jarraitzen dute isolamenduak eta tratu krudelek, osasun asistentzia ezak, komunikazio interbenituek, derrigorrez erdaraz egin behar izateak, EHUn ikasi ezin izateak, amatasun eta aitatasun zein defentsarako eskubidearen urraketak. Baita, hiru laurdenak edo bi herenak beteta dituztenak, gaixotasun larriak dituztenak eta espetxe zigorra osorik beteta dutenak ere ez kaleratzea. Eguneroko ogia izaten jarraitzen du, egunero hogei, hogeita bat, hogeita bi... orduz urrun diren ziega ilun txiki eta hotzetan igaro behar izateak. Gure senideen aurka estatuek darabilten politika bereziaren erakusle dira neurri horiek guztiak. Gure senideen bahitu politiko izaera baieztatzen duten eta erail egiten duten neurriak. Eta ezin dugu ahaztu, tratu krudel hori pairatu behar duten gure auzo, herri eta hiriburuetako lagunek izen-abizen propioak dituztela. Gauaren ilunpean, armaz josita, eraman eta egun luzeetan torturatu, eta egun halako bizi-baldintza jasanezinetan bizitza eman behar dutenak: Bautista Barandalla, Marilo Gorostiaga, Jose Ignazio Gaztañaga eta beste hainbat dira. Nork ez du lagunen bat, senideren bat, edota ezagunen bat horrelako egoeran? Amaigabeak dira senideok eta lagunok ere jasan behar ditugunak. Egundaino gatazka baino eskaini ez diguten espainiar eta frantziar estatuek heriotzaren errepideetara aterarazten baikaituzte astea joan eta astea etorri, gure senide eta lagun preso politikoei maitasuna eta elkartasuna adierazteko. Milaka kilometro, milaka esperientzia eta bizipen, milaka estutasun... eta maitasunez beteriko uneak ere, inpotentziak eragindako malkoak irribarre bilakatzen dituzten uneak; estatuen bortxakeria itogarri- aren aurrean, basamortuan ura bezain ezinbestekoa den babesa ematen diguten hamarnaka herritar anonimok eragiten dizkigutenak. Indar deskribaezin horrek bultzatzen gaitu aurrera jarraitzera, eta gure testigantzarekin, eskubide urraketa horiekin guztiekin amaitu eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboari dagozkion eskubide guztien jabe izanik Euskal Herrian batzeko helburua hamarnaka eragilerena izatea lortu dugu. Ibaetako Foroan bildurik, gure indarrak batu ditugu gizon-emakume horien guztien defentsan lan egiteko. Egun batean kendu zizkiguten senideak eta lagunak berriro gureganatzeko. Datorren larunbatean, mai- atzaren 13an, berriro ere kalera irtengo gara «Euskal presoak Euskal Herrira, eskubide guztien jabe» oihukatzera. Geureak etxeratu eta senide gehiago urrun izango ez den konponbidearen bidean, herri honetako seme-alabak behingoz Euskal Herriratzeko exijitzera. Pausoz pauso burutuko dugun bidea izango da, orain arte belaunaldiz belaunaldi jasan dugun gatazkarekin amaitzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Zu ere gurekin kalera irtetera gonbidatu nahi zaitugu, elkarrekin, zintzotasunez eta maitasunez arituz, burutu beharreko bidea errazagoa izango dela zalantzarik ez baitugu. Guztion artean, egungo errealitatea bihar fikzioa izatea lortu ahal dugu. Eta lortuko dugu! -
|