Sanzen Gobernuak ez duela negoziatu nahi esan du LABek
Nafarroako Gobernuko LABen ordezkariak salatu du negoziazio orokorraren eta Hezkuntzaren hitzarmen negoziazioak geldirik daudela. Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiaren azken bilera orain hiru hilabete izan zen, eta Hezkuntzaren kasuan «geldirik» dago prozesua, Sektoreko Mahaiko sindikatuek «aho batez» negoziazio mahaia utzi dute-eta.
IRUŃEA
Nafarroako Gobernuko LABen hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin zuten atzo Nafarroako Jauregiaren lorategietan. Izan ere, bertan bildutakoen arabera, Gobernuaren zazpi hilabeteko «utzikeriaren» ondorioz, negoziazio orokorraren prozesua geldirik dago. Iker Pontesta LABen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza ordezkariaren arabera, gainera, hiru hilabete joan dira Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiak azken bilera izan zuenetik, eta administrazioko 20.000 langile baino gehiago beren arazoetarako eta erreibindikazioetarako konponbidearen esperoan daude. Era berean, Iker Pontestak esan zuen Hezkuntza Publikoan ere negoziazioa geldirik dagoela. «Ikasturtea hasi zenetik Administrazioa prozesua oztopatzen saiatu da, eta ratioei eta langileei buruzko proposamen atzerakoiak besterik ez ditu egiten», gaineratu zuen. LABeko ordezkariak «ikastetxeetako zuzendaritza bakoitzari banaka-banaka negoziatzea» proposatzen diola ere kritikatu zuen, eta, gauzak horrela, sektoreko mahaiko sindikatuek negoziazio mahaia uztea erabaki dutela gogorarazi zuen. Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita,Anderez jauna, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, kargutik kentzeko eskaera ere egin zuten, eta, CCOO, UGT eta AFAPNAri, aldiz, «orain arteko txepelkeria alde batera uzteko» eskatu zien. Gauzak horrela, LABek esan zuen hurrengo egunetan AFAPNA, ELA, CCOO eta UGTrekin harremanetan jarriko dela, «fronte bat osatzeko asmoz». «Frontea osatzea ezinezkoa izanez gero» mobilizazioak antolatzen segituko dutela argitu zuen Pontestak.
|