Eragileak pozik Bai Eskolak Euskalduntzeari!-ren harrerarekin
DONOSTIA
Iragan larunbatean, Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainako sinadurak biltzeko eguna izan zen Euskal Herriko eskualde, hiri, herri eta auzo gehienetan. Ekimen hori aurrera eramaten ari diren eragileek egun hori ontzat jo zuten, eta gizartean izan duen harrerarekin «pozik» daudela nabarmendu dute. Horrekin batera, datorren maiatzaren 27an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko dei egin dute. «Egindako indar bilketa kalera ateratzea dagokigu», adierazi zuten antolatzaileek. Bilbon eta Gasteizen legez, beste hainbat herritan ere auzoz auzo egin zuten sinadura bilketa larunbat goizean, eta arratsalderako, hiri erdigunera lekualdatu zituzten mahaiak. Lekurik gehienetan, musikaz eta gosari eder batez lagundurik egin zuten sinadura bilketa, hala nola Bergaran, Hernanin, Zarautzen eta Lizarran. Azken horretan, gainera, Euskararen Astea izenekoan sartu zuten sinadura bilketa. Horiez gain, kalejira alaiak ere baliatu zituzten eragileek jendearengana iritsi ahal izateko, Altsasun adibidez, eta Hernanin, haurrentzako gaztelu puzgarriak eta herri kirolak antolatu zituzten. Eragile guztiek, bestalde, maiatzaren 27an Donostiara joateko deia zabaldu nahi izan dute azken hilabete hauetan sinadura eman duten herritar guztien artean: «Milaka herritarrek egindako eskaera kalean zabal dezagun». «Lekuan lekuko aldarrikapenak batuko ditugu bertan, eta euskaraz ikasteko eta euskara jakiteko eskubidea gauzatzeko neurriak eskatuko ditugu. Sinadura bilketak zabaldu beharreko bidearen lehen urratsak egingo ditugu», adierazi dute.
|