MUk EAZLko ikasketa berria jarriko du abian
IRUN
Mondragon Unibertsitateak Enpresa Administrazio eta Zuzendaritza Lizentziaturako (EAZL) 2. zikloa abian jarriko duela jakinarazi du, Enpresa Proiektuen Garapena izeneko ikasketa. Hori MUren Bidasoako campusean ezarriko dute, eta ikasleak lan munduan barneratzeari arreta handiagoa jartzen dio.Unibertsitateak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez, honako hauek dira ibilbidearen xede nagusiak: «ikasleen artean ekintzailetasun-espiritua sustatzea» eta «haiek enpresetan proiektu berriak garatu ahal izateko (produktuak nahiz negozio lerro berriak) edo beraien enpresa propioa sortu ahal izateko gaitasun eta trebetasunak eskuratzea». «Aukera berrien kudeaketan sakondu nahi du», esan du unibertsitateak, «hartara erakundeen hazkundea bideratu dadin».
Metodologia aldaketa
Horretarako, baina, orain artean eskaini izan duten irakaskuntza eredua gainditu eta metodologia berriari jarraituko dio Enpresa Proiektuen Garapena ibilbideak, betiere «praktikaren ikuspuntutik; hots, kasu errealetan oinarrituta». Ohiko ikasketa metodoetatik kasuen analisian eta arazoen ebazpenean oinarritutako metodologia izango dela zehaztu dute, eta hura tuto- reak gidatutako proiektuen bidez garatuko dute nagusiki. Horrez gain, ikasketa prozesuak hiru aldi izango dituela adierazi dute: balidaziozkoa, enpresa-kultura eta sormenaren garrantzia nabarmentzeaz gain, kasu errealak ikasi eta proiektu proposamen bat aurkeztu beharko dute ikasleek; enpresa proiektuaren garapena bigarrenik, eta bertan plangintza zehatza egingo dute; eta proiektua abian jartzea, azkenik. Ibilbide berria abiatzeko, Mondragon Unibertsitateak Arrasateko enpresa eta berrikuntza zentro Saiolanekin eta Bidasoa Activarekin aritu da lanean.
|