Zapateroren balorazioak gehiegizkotzat jo dituzte zenbait ordezkari politikok
Presidente espainolak Arnaldo Otegiren azken hitzen gainean egin dituen balorazioak gehiegizkotzat jo dituzte hainbat alderdik. PSEtik, Odon Elorzak ez lituzkeela «hainbeste gauza» esango adierazi zuen. Aldaketa plataformako bozeramaile Joseba Arregik, berriz, eginiko interpretazioetan Jose Luis Rodriguez Zapatero «pixka bat ausarta» izan dela helarazi zuen. Otegik berak salatu zuen esandakoa desitxuratu eta «sakoneko eztabaida estali nahi» dutela.
DONOSTIA
Arnaldo Otegik egunkari katalan batean egin zuen elkarrizketak ika-mika sorrarazi du. Patxi Lopezen ahotan, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolak modu positiboan hartu zituen Otegiren hitzak. «Inork ez du zalantzan jartzen norabide onean aurrerapauso garrantzitsuak direla», helarazi zuen astelehenean. PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok «damua» antzeman zuen.Atzo eztabaidak jarraitu zuen. Baina zenbait ordezkari politikok, PSEkoek barne, adierazpen horiek kritikatu zituzten. Donostiako alkate Odon Elorzak, esaterako, «Blancok eta buruzagi sozialistaren batek» bezainbeste gauza ez lituzkeela esango plazaratu zuen. Ildo berean mintzatu zen Aldaketa plataformako bozeramaile Joseba Arregi. Herri Irratian egin zioten elkarrizketan esan zuenez, Batasunaren «hitzak eta jarrerak interpretatzean pixka bat ausarta» izan da Rodriguez Zapatero. Nafarroako eta UPNko presidente Miguel Sanzek, bien bitartean, ez die «inolako garrantzirik» eman hitz horiei, eta Madrilgo Gobernuak egingo ote duen galdetu zuen. «Batasunetik datorren guztiaera positi-boan baloratzeko jarreran dago. Eta hala, beste behin ere Otegiren iruzurrean erori da. Ezer berririk ekartzen ez duten adierazpenak handitu ditu Gobernuak», adierazi zuen. Lakuako Gobernua ere gai horri buruz aritu zen, baina Zapateroren hitzekin lerrokatuta oraingo honetan. Miren Azkarate bozeramailearen aburuz, «bide onetik» doaz Otegiren hitzak. «Hori da hartu behar du- gun bidea», esan zuen.
Oker daudela dio Otegik
Arnaldo Otegik berak azaleko eztabaida hori kritikatu zuen. Iruñean egin zuen agerraldi batean “Avui” egunkarian esanikoa desitxuratu nahia salatu zuen. «Sakoneko eztabaida saihestu nahi dute, esparru teknikora eraman, eta hori ez da nahi gabe edo era inozoan egiten den gauza», esan zuen.«Zapatero eta ETAren posizioen gainean jarri nahi dute fokoa, eta horren aurrean zera esaten dugu guk; prozesua Euskal Herrian egin behar da, hemengo eragileen artean», argi utzi nahi izan zuen. Horretaz ohartarazi ondoren, abisu garbia eman zien Otegik bere adierazpenen inguruan miaketa lana egin eta etengabeko balorazioa egiten dutenei: «Ezker abertzalea ez da ‘demokrata’ etiketa eskuratzeko bidea egiten ari, prozesu bat eraikitzeko baizik. Ezker abertzaleak esaten dituen gauzak berriak balira bezala agerrarazi nahi dituzte, nonbait erregimen konstituzionalera egokitzeko prozesu batean gaudela irudikatzeko, baina ez da horrela».
|