Paueko fiskalak Xabier Lareki hernaniarra estraditatzeko eskatu du
Duela bi hilabete Polizia frantsesak Donibane Lohizunen atxilotu zuen Xabier Lareki iheslari politikoaren kontrako estradizio eskaera aztertu zuen atzo Paueko auzitegiak. Fiskalak ez zuen onartu defentsak delituak preskribatu zuela argudiatzea, eta, iaz Europan sinatu zuten estradizio hitzarmen berri bati lotuta, Auzitegi Nazionalaren eskaera onartzeko galdegin zion epaimahaiari. Datorren maiatzaren 19an jakinaraziko du hernaniarra estraditatuko duen ala ez.
PAUE
Hasiera batean martxoaren 17an egin behar zen saioa atzeratu ostean, atzo aztertu zuen Paueko Auzitegiak Xabier Larekiren kontrako estradizio eskaera. Fiskala eskaera onartzearen alde agertu zen, iazko uztailaren 1ean Estatu frantsesak Europan sinatutako estradizio hitzarmenarekin bat egin ostean, hernaniarrari leporatzen zaion delitua preskribatuta ez dagoela argudiatuta. Xantiana Cachenaut Larekiren abokatuak fiskalak erabili arrazoibidea errefusatu zuen. Izan ere, haren esanetan, Estatu frantsesak sinatutako hitzarmena indarrean jarri zutenean, legeria frantsesaren arabera, iheslari politikoari egotzitako delitua baliogabetua zegoelako. Alde horretatik, Larekik berak, 2002ko urriaren 18an Ziburun atxilotu zutenean, aske geratu zela gogorarazi zion epai- mahaiari; hain zuzen, Auzitegi Nazional espainolak Parisi bere kontrako salaketa preskribatuta zegoela jakinarazi zion. «Frantses agintarien jarrera errepresiboa» salatzeko baliatu zuen bere tartea. Lareki joan den martxoaren 3an atxilotu zuen Polizia frantsesak Donibane Lohizunen, kontrol batean. Geroztik, Muret-Seysseko espetxean da. Paueko Auzitegiak datorren maiatzaren 19an ezagutaraziko du erabakia. Elkartasuna agertzeko, ehun lagunek mobilizazioa egin zuten atzo eta herenegun Hernanin.
Eskudero, epaitua
Bestalde, Askatasunak jakinarazi zuenez, herenegun epaitu zuten Madrilgo Auzitegi Nazionalean Gregorio Eskudero Curtiseko espetxean bakartuta dagoen preso oriotarra. Eskude- rok epaiketan parte hartzeari uko egin bazion ere, saioa egin egin zuten. Fiskalak 45 urteko espetxe zigorra eskatu zuen haren aurka, 1998ko urtarrilaren 9an Zarauzko «PPko Jose Inazio Iruretagoiena zinegotziaren hilketan ezinbesteko laguntza eman izana» leporatuta. Horrez gain, zigorra bete ostean, bost urtez Zarautzera joateko debekua gehitzeko eskatu zuen fiskalak. Askatasunak galdetu du, «artikulu zaharrak eta aplikazio berriak» egiteko eskaerok ikusita, «nork sinetsiko duen egoera berri batean gaudela».
|