Lasaiena doana patroia da, Xabier Agote. Bera da eskarmenturik handiena duena. «Behin Atlantikoa zeharkatu genuen Urko Mendiburuk eta biok 60 egunetan. 2001ean izan zen hori. Oso gogorra izan zen hura. Ondoren Irlandari itzulia eman genion traineruan hamalau laguneko tripulazioarekin. Hori ere gogorra izan zen zenbaitentzat, taldean zihoazen gehienak ez zirelako kirolariak. Sei asteko ibilbidea egin genuen arraunean eta belaz. Hain zuzen ere, horixe da aldarrikatzen duguna, itsasoan ibiltzeko modu alternatibo bat, edonork parte hartzeko moduko ekintzak dira gureak. Gure espedizioetan parte hartzeko ez da goi-mailako kirolaria izan behar. Oraingo honek ere baditu bere arriskuak eta nire ustez handiena uraren tenperatura da», esan zuen atzo Apaizac Obeto espedizioko patroiak.Itsasoko uren tenperatura 9 gradukoa izan daiteke hegoaldean, baina 3koa Red Bay inguruan. «Hiru graduko uretan hondoratuz gero, ez duzu ordu laurden baino gehiagoa iraungo. Zodiac bat daramagu argazkilari, kamera eta abarrekin eta, noski, horrelakorik gertatuko balitz, haien laguntza izango genuke», jarraitu zuen Agotek.
Euskaldunak montrealen
Etzi egingo dute hegaldia Montrealera. Hiri horretako Euskal Etxekoak izango dituzte han zain aireportuan. «Guk ez diegu eskatu, baina txalupa aurkeztu genuenean izan zuten espedizioaren berri eta bertako euskaldunen etxeetan egingo dugu lo», esan zuen Agotek. Biharamunean Euskal Herritik kontainer batean bidalitako “Beothuk” txalupa berreskuratu beharko dute eta ekainaren 1ean abiatuko da espedizioa Quebeceko Itsas Museotik. San Lorentzo itsasadarrean behera egingo dute marea beherak sortzen dituen korronteei jarraiki, Gaspesie penintsularaino. Eduardo Printzearen uhartea eta Cape Breton (Eskozia Berria) ukituko dituzte eta handik jauzi handi bat egingo dute Ternuako mendebaldean dagoen Port-aux-Basques herrira. Ternuako kostari jarraiki Belle Isle itsasertzetik barrena Red Bayra (Labrador)iritsiko dira, 1.000 itsas milia edo 2.000 kilometro egin ondoren. Bidean, noski, euskal baleazaleek erabilitako kokaleku zenbait bisitatuko dute. «Bakailaotan ibili direnek diotenez, gu ibiliko garen uretan laino itxia egon ohi da, hegoaldeko korronte epelek eta iparraldetik datozen hotzek elkar jotzen dutelako. Gai honetan izotz puska handiak ibili ohi dira ur gainean solte eta talka egiteko arriskua dugu», esan zuen Agotek. Patroiaren ustez, belari esker 80 milia egin ditzakete batzuetan eta haizerik ez denean 10 milia besterik ez arraunean.
Amets iragarleak
Ahuntz larruz eta lihoz egindako jantziekin agertu ziren atzo espedizioko kideak Donostiako Aquariumera bertakoen eta udatiarren harridurarako. «Duela gutxi arte Erronkariko almadiazainek edo gure baserritarrek erabiltzen zituzten ahutz larruekin babestuko gara euritik baina, halere, bustia eta hotza ikusten ditut nik arrisku nagusiak. Bustiarekin gaixotzea da ikusten dudan arrisku bakarra», esan zuen Ramon Agirre Motxu mendizale ezagun eta espedizioko kideak.
Markos Sistiagak txalupari buruzko zehaztasunak eman zizkigun. «Ia osorik atera zuten 1565ean hondoratu zuten txalupa hau eta Red Bayko Euskal Baleazalearen Museotik ekarri genituen plano guztiak. Oso txalupa sendoa da eta erraz aguantatuko du», esan zuen Markosek.
Iker Leizaiolak ametsak izan ditu. «Entrenatu dugu pixka bat, aste barruan gimnasioan eta asteburuetan arraunean eta bela egiten. Mentalki ere prestatu gara hango historialari eta ikerlarien lanak irakurriz. Ternuarako jauzia egiteko gau bat eta bi egun oso beharko ditugu nabigatzen. Hori izango da gogorrena, txandaka egin beharko ditugu lokuluxkak. Behin baino gehiagotan amets egin dut arraunean ari naizela», esan zuen.
Jon Maia eskuetako maskurrak erakusten zebilen. Prentsaurrekoan agertu zuenez, liburua idazteaz gainera kronikak egingo ditu prentsa, irrati eta telebistarako.
Oarsoaldea Garapenerako Elkartea, Musée Maritime du Québec, Red Bay Heritage Centre, Miawpukek Mi’kmaq Nation, Gasteizko Gobernua eta beste hainbat laguntzaile ditu espedizioak. -
DONOSTIA