IRUÑEA
Lerinen jaiotako 54 urteko langile bat hil zen atzo Aiegin eraikuntzarako materiala deskargatzen ari zela. Lan istripua 8.50ean gertatu zen Nafarroako herri horretan, palet bat jausi eta bertan zegoen materiala Angel Leon izeneko langilearen gainean erori zenean. Guardia Zibila eta anbulantzia bat bertaratu ziren Aiegira, baina ezin izan zuten ezer egin Construcciones Garnica y Cortés enpresako langilearen bizia salbatzeko.
Urtea hasi zenetik, 34 langile hil dira gutxienez lan istripuz. Azkeneko heriotza joan den maiatzaren 16an izan zen Arrizabalagan, Andres Olveirak kamioi batek harrapatuta bizia galdu zuenean. Lan istripu hori salatzeko, ELA, LAB, ESK, CGT eta STEE-EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Lizarran, Navasfalt enpresaren egoitzaren aurrean. Enpresa horretako langilea zen Olveira.
Sindikatu horiek atzoko lan heriotza gogor salatu zuten. Enpresarien aurkako hitzak izan zituzten, eta lan istripuen ardura berena dela nabarmendu zuten. Lan karga handitzea, behin-behinekotasuna eta azpikontratazioa istripuak eragiten dituzten elementuak direla jakinarazi zuten, baita enpresariek elementu horien erabilera «gehiegizkoa» egiten dutela kritikatu ere.
UGTk ere salatu eta istripuak zergatik gertatzen diren aipatu zuen: lan arriskuak ekiditeko prebentzio arauak ez betetzeagatik, informazio eta formazio faltagatik, lan jardunaldian sartzen diren gehiegizko orduengatik eta lan erritmo altuagatik, besteak beste.
Bestalde, LABek gaur, 19.00etan, egingo duen elkarretaratzean parte hartzera deitu ditu herritarrak.
54 urteko C.G.C. langilea larri zauritua gertatu zen atzo Durangon. Lanean ari zela oinan kutxa bat jausi zitzaion.