GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-05-24
Aimar Olaizola | Asegarceko pilotaria
«Irujori irabazteko ez zaio bere jokoa egiten utzi behar»

Hamabi egun baino ez dira falta Atano III.ean Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzeko. Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo bigarren urtez jarraian izango dira aurrez aurre, eta Goizuetako aurrelaria, iazko txapelaren jabea, Donostiako pilotalekuan izan zen atzo entrenatzen. Asegarceko ordezkaria gogotsu dago, finala jokatzeko zenbat egun falta diren kontatzen.

­Entrenamendu bat egin duzu gaur ­atzo­ Atano III.ean. Nolakoa izan da? Zerbait berezirik egin al duzu?

Anaiarekin egon naiz entrenatzen. Beti esaten dut kantxan behar bezala jarrita egotea izaten dela garrantzitsuena, eta horretan aritu naiz. Sake batzuk egin ditut, erresto batzuk, dejadak, erremateak... Lana eginda dago jada, eta garrantzitsuena sasoiari eustea izaten da.

­Fisikoki ez duzu arazorik, ezta?

Ez, ez dut inolako arazorik. Sentsazio onarekin nago. Eskuak ongi ditut, fisikoki ondo nago, eta azkenaldian kolpearekin nabil, eta horri eusten saiatuko naiz.

­Oraindik hamabi egun falta dira hain hitzordu garrantzitsurako. Zer asmo duzu ordura arte?

Beste entrenamendu bat egingo dut frontoian, ostiralean edo larunbatean, baina oraindik ez dakit seguru noiz.

­Martxoan Txapelketa aurkeztu zutenean gehienek Martinez de Irujo jo zuten txapela eskuratzeko faborito, nahiz eta zu zinen iazko txapelduna. Horrek amorrua eman al zizun?

Ez, ez. Txapelketa hasieretan beti izaten dira faborito batzuk, eta pilotariok gure iritzia ematen dugu, eta batzuk faboritoa Irujo zela esan genuen. Binakakoa oso ondo amaitu zuen, eta jokatu dituen Buruz Buruko guztietan finalera iritsi da. Zerbaitegatik esaten da pilotari bat faborito dela.

­Iberoko aurrelariak txapelketa biribila egin du, Belokiren aurkako erakustaldia barne. Nola ikusten duzu zure aurkaria?

Buruz Buruko finalera iristeko ondo egon behar duzu, bestela batek edo besteak kanporatu egiten zaituelako. Orain arte txispa askorekin dagoela ikusi da, joko handiarekin, eta zerbaitegatik iritsi da finalera.

­Joan den igandean jokatu zuen partida ikusirik, ba ote duzu beldurrik?

Ez, ez. Errespetua bai, baina beldurra inori ez diot. Hari irabaztea zaila izango da, Buruz Buruko finalean hogeita bira iristea inoiz ez delako erraza izaten, baina ni nirea egiten saiatuko naiz, eta hori egiten badut nire aukerak izango ditut.

­Zuk ere, besteren artean, Eugi eta Gonzalez pilotari handiei irabazi behar izan diezu finalean sartzeko. Hala ere, neurketa horietako markagailuak ikusita, badirudi txartela erraz lortu duzula.

Nire ustez, ez da batere erraza izan. Lehendabiziko partidan, Eugiren aurka, uste nuen baino errazago irabazi nuen, hori egia da, baina finalerdietan asko sufritu nuen. Gonzalezek lan asko eman zidan eta partida gogorra izan zen. Ni ere lan eginda iritsi naiz hona, eta inork ez dit ezer oparitu.

­Ekainaren lauko norgehiagokan Martinez de Irujo izango da faborito. Horrek zerbait adierazten ote dizu?

Buruz Buru Irujoren aurka kenduta partida ia gehienetan irten naiz faborito. Hala ere, partida guztiak jokatu egin behar dira. Alde horretatik, berak izango du nik baino ardura pixka bat handiagoa, baina dagoeneko biak ohituta gaude horrela jokatzen. Partida handia izango da, final handi bat, eta pilotariontzako egun berezia. Ikusi beharko da zer gertatzen den.

­Belokik esandakoa da: Irujok bere jokoa egiten badu ia ezinezkoa da hari irabaztea. Nola jokatu behar zaio Iberokoari hogeita bira iritsi ahal izateko?

Hori partidaren arabera izaten da. Hari irabazterik badagoela iaz ikusi zen, nik irabazi bainion, baina argi dago hari bere jokoa egiten uzten bazaio zaila dela irabaztea. Irabazi nahi badut ez diot bere jokoa egiten utzi beharko.

­Enpresek ondo aprobetxatu dute bai zuk baita Martinez de Irujok ere jarraitzaile asko erakartzen dituzuela pilotalekura, eta aurtengo finalekoak historiako sarrerarik garestienak izango dira.

Azkenaldian halako prezioetara ohitzen ari gara. Garestiak jartzen badira ere segituan saltzen dira, eta zale asko sarrera gabe geratzen da. Nik ere gehiago behar nituen, baina ezin izan dizkidate eman.

­Pilotazale askoren iritziz, egungo pilotari onenak izango dira aurrez aurre Atano III.ean, eta historia egingo duzuela ere uste dute askok.

Niri ez zaizkit konparazioak gustatzen. Garai guztiak ezberdinak dira, pilotariak ezberdinak gara, eta ez naiz konparazioak egiteko zalea. Argi dagoena da bai Irujo, bai ni, baita horra gora iritsi diren beste pilotari batzuk ere ondo ari garela, eta hori pilotarentzako eta jendearentzako ona dela uste dut. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cerraron «Egin» y lo dejaron pudrir
Jendartea
Asamblea de estafados
Jendartea
Prevén el segundo cinturón de Donostia para 2009
Euskal Herria
Hitzarmenerako Mahaiak herriaren presioa eskatu du
Ekonomia
Eraikuntzarako materiala deskargatzen ari zela, langile bat hil da Aiegin
Mundua
Serbia reconoce finalmente el resultado
Kirolak
Bruesa sufrió ante León pero el Gasca le llevó en volandas hasta la ACB
Kirolak
«Vamos a dejarnos el alma y hacerlo lo mejor posible»
Kirolak
Saiz, detenido en una operación antidopaje
Kirolak
«Irujori irabazteko ez zaio bere jokoa egiten utzi behar»
Euskal Herria
El administrador judicial admite que Garzón envió a «Egin» a la ruina
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea