GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-05-24
Hitzarmenerako Mahaiak herriaren presioa eskatu du
Azken gertakariei erreparatu ostean, ondorio nagusi bat atera du Hitzarmenerako Mahaiak: gatazka konpontzeko prozesua «usteltzeko» arriskua dago. Hori saihestearren, ezinbestekotzat jo du eragile guztiek, «batik bat politikoek», urratsak ematea, baina baita herritarrek presioa egitea ere.

DONOSTIA

Kezkatuta agertu ziren atzo Donostian, prentsaren aurrean, Hitzarmenerako Mahaiko koordinatzaile Arritxu Marańon eta kide Txutxi Ariznabarreta. Kezkatuta, gatazka konpontzeko mahaia osatzea lehentasuntzat jotzen dutelako eta hainbat eragile «luzatze lanetan» ari direlako. «Oso kezkagarria da. Izan ere, herritarren artean ilusio handia dago piztuta, baina buruzagi politikoei entzuten dizkiegun hitz horiekin ilusioa frustrazio bilaka daiteke. Usteltze prozesua izan daiteke», adierazi zuten.

Halakorik gerta ez dadin, bi deialdi egin zituzten. Lehena, eragile guztiei zuzendutakoa, «baina batik bat eragile politikoei». «Behingoz, pausoak eman behar dituzte, bestela prozesua usteltzearen arduradun nagusiak izango dira». Eta maila honetan, «elementu arriskutsu bat» ahalik eta azkarren alboratu beharraz mintzatu ziren: «Ezker abertzalea eta Batasunaren aurkako erasoek bertan behera geratu behar dute».

Bigarren deia herritarrei egin zieten Ariznabarretak eta Marańonek. «Herritarrak baitira gatazka gehien pairatzen dutenak eta berehalako konponbidea behar dutenak. Aktibatu eta parte hartu behar dute. Prozesuaren babesle izan behar dute, baina, era berean, prozesuak aurrera egin dezan presioa egin behar dute. Ezin dute buruzagi politikoek egiten dutenari begira geratu; alderdi politiko horiei presioa egin behar diete gatazka konpontzeko mahaia lehenbailehen osa dezaten», azaldu zuten.

Izan ere, Ariznabarretak zehaztu zuenez, dagoeneko «ez dago aitzakiarik» alderdien elkarrizketa mahaia ez osatzeko; aitzitik, xede horretarako baldintzak egon badaudela gaineratu zuen. Horiek horrela, eragileen arteko harremanak eta aurre-elkarrizketak «heldutasunera iritsi» direla bota zuen, «eta orain, mahaia osatzeari begira, elkarrizketa prozesua abian jartzeko unea» dela. Horrez gain, «xehetasunak xehetasun, eragile guztiek mahaiaren beharra» nabarmentzen dutela aipatu zuen: «Horregatik ez da ulertzekoa atzeratze kontu horietan aritzea».

Ekimena hainbat eskualdetan

Bestelako baldintza egokirik ere ikusten du Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa gainditzeko bidean ezinbestekotzat jotzen duen mahaia osatzeko; esate baterako, «nazioarteko babesa, gero eta zabalagoa den babesa», eta ETAk martxoaren 24az geroztik indarrean duen su-eten iraunkorra.

Hitzarmenerako Mahaiko ordezkariak bosgarren baldintza bat ere nabarmendu zuen, ordea: gizartearen atxikimendua. Horren adierazle ei da apirilaren 1ean Bilbon egindako manifestazio ikaragarria (80.000 lagunetik gora izan zen mobiliza- zio hartan GARAk eginiko kontaketaren arabera). «Baina ez dugu herritarren atxikimendu eta babesa manifestazioetara bakarrik mugatzea nahi. Hori dela-eta, eskualdeetako mobilizazioak antolatu ditugu», zehaztu zuen.

Ekimen hori atzo bertan hasi zuten, Arrasateko enparantzan, hain zuzen ere. «Gure ibilbide guztia, Nazio Eztabaidagunetik hasi eta Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoraino, eta gure planteamendua jasotzen dituen erakusketa moduko bat da. Herritarrek hori zuzenean ikusi eta ezagutzeko modua izango dute. Eta, ondoren, elkarreta-ratzea egingo da. Gatazkaren konponbidearen aldeko apus-tua egiten duen manifestu bat ere irakurriko da, jendearen atxikimendua bilatzeko», adierazi zuen.

Arrasatekoaren ostean, ondoko hitzordu hauek zehaztu dituzte Hitzarmenerako Mahaiko ordezkariek ekimen hori gauzatzeko:maiatzaren 30ean Algortan izango da, ekainaren 1ean Lizarran, ekainaren 8an Laudion eta ekainaren 12an Donibane Lohizunen.

Montenegroko eredua

Azken aste eta egun hauetako gertakariei errepasoa egiterakoan, Montenegron igandean izandako erreferenduma ezinbesteko hizketagai izan zuten agerraldian. Positibotzat jo zuten herrialde horretan egindako galdeketa, eta Javier Solanari erantzun nahi izan zion Arri- txu Santamariak, Montenegroko egoera Euskal Herrikoarekin edota Kataluniakoarekin alderatzea «delirium tremens- etik gertu» ibiltzea dela esan baitzuen Europar Batasuneko ordezkariak: «Ez dugu bata bestearekin alderatu nahi. Baina Montenegrokoa eredu bat da, gatazka politiko bat konpontzeko eredua. Gatazka politikoa zuten han, eta horri irtenbide demokratikoa eman diote, Montenegroko herritarrek erabakitakoa errespetatuta».

Hitzarmenerako Mahaiaren iritzian, «borondatea baldin badago, eta metodologia eta moduak badaude, horiek edozein egoeratara molda daitezke».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cerraron «Egin» y lo dejaron pudrir
Jendartea
Asamblea de estafados
Jendartea
Prevén el segundo cinturón de Donostia para 2009
Euskal Herria
Hitzarmenerako Mahaiak herriaren presioa eskatu du
Ekonomia
Eraikuntzarako materiala deskargatzen ari zela, langile bat hil da Aiegin
Mundua
Serbia reconoce finalmente el resultado
Kirolak
Bruesa sufrió ante León pero el Gasca le llevó en volandas hasta la ACB
Kirolak
«Vamos a dejarnos el alma y hacerlo lo mejor posible»
Kirolak
Saiz, detenido en una operación antidopaje
Kirolak
«Irujori irabazteko ez zaio bere jokoa egiten utzi behar»
Euskal Herria
El administrador judicial admite que Garzón envió a «Egin» a la ruina
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea