GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-24
Literatur kaiera argitaratu du Juan Luis Zabalak
·Hogei urtez mamitu duen egunerokoa plazaratu du idazle azkoitiarrak

Liburu berria aurkeztu zuen atzo Juan Luis Zabalak. Oraingoan ez da nobela, ezta ipuin bilduma ere, hogei urtetan zehar eguneroko gisa idatzi duen «literatur koadernoa» baizik. Bertan, hainbat gogoeta, aforismo, poema, ipuin, zutabe eta beste aurkituko ditu irakurleak. Liburua «bataiatzeko» izenburu asko aztertu dituen arren, azkenean, «Inon izatekotan» aukeratu du Zabalak. Izan ere, inon izatekotan, eguneroko horren orrietan omen dago idazle azkoitiarra.

DONOSTIA

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) duela hogei urte baino gehiago hasi zen idazten orain Susaren eskutik argitaratu duen eguneroko itxurako literatur koadernoa. “Inon izatekotan” agertzen den lehen oharra 1985ekoa da eta azkena, berriz, joan den martxoaren 12koa.

«Garai hartan ­adierazi zuen atzo Juan Luis Zabalak berak aurkezpen ekitaldian­, hogei urte nituela, Peter Handkeren ‘Munduaren zama’ irakurri nuen, eta zirrara sakona eragin zidan. Garai beretsuan Pessoaren ‘Desasoseguaren liburua’ eta Paveseren ‘Bizitza lanbide’ irakurri nituen. Egunerokoen generoa eta prosa sakon hura bizitzaren aurrean sentitzen duguna adierazteko oso modu zuzena iruditu zitzaidan, eta nik ere eguneroko bati ekin nion».

Zabalak ez zuen inoiz eguneroko hura bere sekretuen gordeleku gisa edo bere bizitzako gertakizunen oroigarri gisa ulertu, baizik eta literatur koaderno gisa, eta hasiera-hasieratik izan zuen hura noizbait argitaratzeko asmoa. Hogei urte baino gehiago pasatu dira, eta hogei urteotan hamar liburu argitaratu ditu Zabalak, esaterako, “Galdu arte” eta “Agur, Euzkadi” nobelak. Baina aspaldiko asmo hura gauzatzeko mementoa ere iritsi da.

Hogei urtetan zehar eginiko testuek egilearen bilakaera jarraitzeko aukera ematen dute. «Hasieran ­aitortu zuen Zabalak­ Handkeren eragina nabarmena izan zen, baina, urteen poderioz, haren gerizpetik urruntzen joan naiz, eta modu neureagoa aurkitu dut. Halaber, hasierako testuetan bada literaturarekiko halako ikuspegi erlijiosoa. Salbazioa bezala bilatzen nuen literatura, bizitzak ematen ez zidana lortzeko bidea bezala, gauza sakratu, beharrezko eta gauza guztien gainetik dagoen zerbait bezala. Hala bizi nuelako. Gero, urteekin, ironiarako jausi garbia suma daiteke, bizitzaren alderdirik ilunenei ere barre ironikoa eskaintzen diet».

Genero ugari, giro bakarra

Genero aldetik, “Inon izatekotan”en denetik dago, hala nola, gogoeta, aforismo, poema, mikroipuinak eta beste. Jatorriz egunerokoan ez bazeuden ere, beste ipuin batzuk eta dozena bat zutabe gehitu ditu Zabalak: «Horiek ere, diarioko testuek bezala, une bateko bulkadari erantzuten diotela ikusi dudalako, nolabait esateko, diarioaren giro berekoak direlako».

“Inon izatekotan”ek «ahaide urrun bat» omen du Zabalaren produkzioan, zehatz-mehatz, “Kaka esplikatzen”, 1989an diario batetik abiatuta egin zuen nobela esperimentala. Aldi berean, ondorengo bat ere izango du, Zabalaren beraren blogean.

Atzo, Donostiako liburutegiko sotoan eginiko ekitaldian, ondo baino hobeto lagunduta egon zen Zabala. Jon Benitok aurkezpena egin zuen, baina, horrez gain, Eneko Olasagasti, Harkaitz Cano, Pablo Sastre eta beste hainbat bildu ziren. “Berria”ko lankideak ere bertan egon ziren.



Papera du bizileku
Jon BENITO | IDAZLEA

Zeharka bada ere, zuzenean ari ez bada ere, egilearen intimitateak beretzat gordeta ere, ingurukoaz jardunda ere, bere buruaz ari da pertsona oro diario batean. Bestela ze zentzu du diarioak, ez? Horregatik, ez ninduen harritu Juan Luis Zabalak titulurako “Gogorik barrurik barrukoenean” jartzea pentsatu zuela irakurteak.

“Berria”n egin dioten elkarrizketan esan du bere gustu, kezka, bizitzaren aurreko jarreren biografia dela liburu hau. Ez ninduen harritu jakiteak, irakurria nuelako, liburuari “Autobihotzgrafia” izenburua jartzea pentsatu zuela. “Autobihotzgrafia”: armairutik trapurik zaharrenak janzten dituenak bezala, pudorerik gabe agertzen dituelako barruko arrangurak. Eta beraz, horregatik ere izan zitekeen, aitortzen duen bezala, liburu honen titulua “Arimairua”.

Baina jantzita ez, armairutik biluzik agertzen delako izan zezakeen “Baraurik, biluzik, bakarrik” titulua. Ez jan gose, beste zerbaiten gose den pertsona bat erakusten du liburuak. Hogei urtean joan eta joan doan pertsona hori da, nire ustez, liburuaren bertuteetako bat. Zalantzetan indartsu agertzen den ni bat. Denborarekin eraikitzen “Sei litro odol” dena. Denborarekin kontraesan, denborarekin damu, denborarekin beldur dena.

Baina “Inon izatekotan” izena du orain liburuak. Zergatik eta egileak bere lekua orriotan aurkitzen duelako. Esaten duelako inon izatekotan poesian dela, orriotan dela izan. Erosoago dagoelako orriotan, kalean, egunerokoan, munduan, hemen baino. Argigarria da liburuari “Desegokitua” titulua jarri nahi izan ziola jakitea.

Hemen aurkitzen dut liburuaren beste bertute bat. Egunerokoan lekurik topatu ezin baina, paperean edo paper aurrean jartzen denean aske den ni hori. Papera du bizileku. Eta nolabait, hor agertzen da den bezalakoa edo azaldu nahi duen bezala. Paperak autokonstruitzeko aukera ematen dio. Iruditzen zait orriotan, batzutan, zirugia estetikoa egiten duela: batzuetan edertzeko eta beste batzuetan nahita zatartzeko. Elkarrizketan bertan onartzen du literaturak bizitzan lortu ezin dituenak lortzeko aukera ematen dionaren ilusioa duela.

Eta pentsatzen dut kazetariek galdetuko diotela, bere buruaz, bere garaiaz, bere inguruaz ari delako, zenbat duen autobiografikotik liburuak. Baina inporta zaizue benetan, batzutan hain xaloa, batzutan hain krudela, batzutan hain tragikoa egiteko gai izan bada, benetan inporta zaizue haragia edo silikona ukitzen ari zareten? Sudurra berezkoa duen edo operatua? Egia edo fikzioa den kontatzen duena? Egia bada, egia bere gordinean erakutsi nahi duelako da; fikzioa bada, egia indartzeko da. Zirugia egin badie testuoi, fikzioa sartu badu, ipuinak egin baditu, poemak egin baditu, horrela agertu nahi duelako da. Eta gehiago interesatzen zait literarioki paperean erakutsi nahi duen ni hori. Egiazkoa deitzen dutena baino.

Baina, esan behar dut, liteaturak literatura, ezen liburua literatura baita, liburuko ni hori deserrotuta, munduaren ondoan dagoen bezala, liburuko pasarte samurretan eta gordinetan edota pertsonaia zuloan dagoenean edota hegan doanean, liburua gertu-gertukoa egin zaidala. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cerraron «Egin» y lo dejaron pudrir
Jendartea
Asamblea de estafados
Jendartea
Prevén el segundo cinturón de Donostia para 2009
Euskal Herria
Hitzarmenerako Mahaiak herriaren presioa eskatu du
Ekonomia
Eraikuntzarako materiala deskargatzen ari zela, langile bat hil da Aiegin
Mundua
Serbia reconoce finalmente el resultado
Kirolak
Bruesa sufrió ante León pero el Gasca le llevó en volandas hasta la ACB
Kirolak
«Vamos a dejarnos el alma y hacerlo lo mejor posible»
Kirolak
Saiz, detenido en una operación antidopaje
Kirolak
«Irujori irabazteko ez zaio bere jokoa egiten utzi behar»
Euskal Herria
El administrador judicial admite que Garzón envió a «Egin» a la ruina
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea