BIARRITZ
7.000 ikusle baino gehiago bildu zituen iaz Kaleko Arteen Jaialdiak lehen edizioan, eta izan zuen arrakasta horren ondorioz, bigarren edizio honetarako ikusgarrien kokapena zabaldu du antolatzaile den herriko etxeak. Biarrizko auzo, karrika, enparantza eta lorategietan hamaika konpainitako lanak izanen dira ikusgai gaurtik igandera arte.Eklektismoa eta hurbiltasuna dira jaialdiak eskaintzen dituen ezaugarri nagusiak. Egunotan antzeztuko diren 106 errepresentazio horien artean gure gizartearen eta kulturaren zati txiki bat eskainiko die karriketan zehar paseatzen ari direnei.
Jaialdiari hasiera emateko Bilboko Deabru Beltzak izanen da gaur Biarrizko hondartza handian gaueko hamarretatik aurrera. Musika eta antzerkia elkartzen dituen ikuskizun aparteko hori sei musikari perkusionisten interpretazioan oinarritzen da.
Zinema ere lotuko zaio kaleetan zehar ikusgai izanen diren arte emanaldiei. Giorgio Canelli zuzendari italiarrak jaialdiko ingurua aukeratu du bere azken filmeko kokaleku gisa. «Last Demon» filmean parte hartu nahi dutenek goizeko hamar eta erditan Gare du Midin egingo den aukeraketara joan beharko dute. Filmaren grabaketa itsasargiaren inguruan eginen da gaueko bederatzi eta erdietatik aurrera.
Biarrizko Théâtre du Versant-ek bi programazio eskainiko ditu jaialdian. Gaztetxoenentzat Perette eta Plumen nondik norakoak antzeztuko ditu, eta helduentzat ikusleekin erlazio zuzena bilatzen duen «Commedia dell’arte» izango da. Donibane Garaziko Le Petit Théâtre de Pain konpainiak «Embedded» antzezlana aurkeztuko du. Frantses estatuko hainbat konpainiek osatuko dute igandera bitarte Biarrizko karriketan izanen den programazioa.