Estreinako diskoa plazaratu du Ezinean talde azpeitiarrak
Diskogintza krisialdi sakonean sartuta dagoen honetan, albiste ona da disko bat ateratzea, eta, are gehiago, beharbada, talde baten estreinakoa baldin bada. Hori da Ezinean-en kasua. Azpeitiarrak dira. Musika aldetik, hardcore melodikoa egiten dute; hitzen aldetik, berriz, gehienbat kritika soziala. Guztira, hamalau kanta bildu dituzte, hamahiru euskaraz eta bat ingelesez.
DONOSTIA
Iban Amenabar (baxua eta ahotsa), Oihan Lizaso (gitarra eta koruak), Oier Ezeiza (gitarra) eta Oihan Amezua (bateria); horiek dira Ezinean, eta izenburu bereko diskoa plazaratu berri dute Gor-en eskutik. Guztira, haiek berek sortutako hamalau kanta bildu dituzte, hamahiru euskaraz eta bat ingelesez.
Musikari dagokionez, hardcore melodikoa egiten dute, eta, alde horretatik, Kaliforniako hainbat talde dituzte erreferente. Hitzetan, berriz, batez ere «kritika soziala» egiten dute, baina maitasunari ere tarte bat eginez. «Agian norbaiti gai kutrea irudituko zaio, baina, nahiz eta horretaz hitz egitea gustuko ez izan, guztioi iristen zaigun gaia da, eta horrekin bizi gara», argudiatu dute taldekoek.
Ezinean orain dela lauzpabost urte osatu zuten, hirukote moduan. Hainbat kontzertu egin ondoren, maketa bat grabatzeko unea iritsia zela erabaki zuten. «Gaztetxeetan-eta kontzertu bila ari garenean, erakusteko zerbait izatea genuen helburu, ez besterik», adierazi dute. Langintza hartan ari zirela, Oihan Lizasorekin egin zuten topo, eta berandu baino lehen hirukotea laukote bihurtu zen.
Maketa hura mugitzen hasi eta berehala, ustekabe polita izan zuten, Gor-ek deitu egin baitzien, diskoa argitaratzeko prest zegoela esanez.
Grabazioa Tolosako Bonberenean egin dute, Karlos Osinaga “Txap”en gidaritzapean.
Hemendik aurrera, hainbat aurkezpen kontzertu egingo dituzte. Gaur bertan Iruñeko Akelarre tabernan joko dute. Ekainaren 2an, berriz, Bergarako festetan, txosnetan, eta 17an, Arrasateko Skate Jaian.
|