GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-05-24
Unzalu Salterain Basagutxibeaskoa (*)
Euskal Herriko nekazaritza aztergai

Euskal Herrian nekazaritzaren papera eta pisua izugarri aldatu da azken hamarkadetan. Ez gure herrian bakarrik, mundu «modernoa» bezala ezagutzen den toki orotan, bai Europan eta bai Ameriketako Estatu Batuetan ere, nekazaritza jarduera minimoetara jaitsi da.

Ezaguna da azken 50 urteetan bizimodua askoz gehiago aldatu dela aurreko milurteko oso batean baino. Egun nekazaritzan diharduten pertsonak populazio aktiboaren %3ra ere ez dira heltzen, lehen gehiengo zabala izan ziren arren. Nekazaritza egiteko modua ere asko aldatu da, lurraren eta naturaren ziklo zein baldintzei sendo loturiko nekazaritzatik erabat teknifikatutako nekazaritza eredu batera jauzi egin dugu, naturari eta lurraren erabilerari bizkarra emanez, kasu askotan. Baserritar eta kontsumitzaileen arteko harreman sozialak oinarri hartuta sortutako azoketatik, salmenta zuzena tresna nagusi zuen komertzializaziotik; bitartekariek, industriek eta azalera handiko enpresa kateen interesek kontrolatutako merkaturatze bideetara pasatu gara.

Beste nekazaritza bat posible da

Bilakaera hori eta etorkizunak ekarri dezakeena ez dira, inolaz ere, berezko eboluzio «natural» bat. Sarri entzuten baita halako edo bestelako egoera «ez da justua, baina horrela da eta aurre egin behar zaio». Gero eta baserritar gutxiago egotea, ekoizterako orduan lurra gero eta gutxiago erabiltzea, transgenikoen inposizioa, prezio bidegabeak... hori guztia ez da «naturala», pertsonok osatutako eraikuntza ekonomiko eta sozial bat baizik.

Posible da egungo egoera aldatzea. Eta ez hori bakarrik, posible izatetik harago beharrezkoa da egungo egoera aldatzea, baldin eta nekazaritzak eta kalitatezko elikadurak etorkizunik eduki behar badu bai Euskal Herrian bai mundu osoan.

Munduko Merkataritza Erakundea (MME) da, ezelango duda barik, azkenengo urteetako eboluzioaren arduradun nagusia. Oinarri demokratikorik gabeko erakunde inposatu hori da Europako Nekazaritza Politika Bateratua baldintzatu eta zuzentzen duena. Multinazionalen eta nekazaritza industria erraldoien interesen arabera, planeta osoko baserritarrak euren interes ekonomikoen arabera erabiltzen ditu MMEk. Elikagaiak merkantzia huts bihurtuz, ekonomia lokalak deuseztatuz, prezioen beherakada eraginez, nekazaritza jardueraren errentagarritasuna desagerraraziz, migrazioak eraginez... gutxi batzuk aberasteko milioika lagunen pobrezia probokatuz.

Esan beharrik ere ez dago Euskal Herriko baserritarron egoera askoz ere hobea dela hego hemisferioko baserritarrekin alderatuz gero. Egungo politikek aurrera eginez gero nekazaritza desagertu edo testigantzakoa izatera pasatzea benetan larria da, baina Euskal Herriko lehen sektorean dihardugun pertsonok beti edukiko dugu beste alternatiba bat bizimodua egiteko, gosea ezagutu baino lehen.

Larria litzateke, halere, egoera hori «naturala» balitz bezala onartzea. Tamalez, hainbat agintari politikok naturaltasun hori onartu eta bultzatu egiten du, «mundu modernoan nekazariak %1 direnez gero, egoera horretara homologatu behar dugu geuk ere, moderno izateko». Askotan, mundu mailako nekazaritza politika horiek «natural» direla esatea zuzenak direla esateko eufemismo direlakoan nago. Beste eufemismo bat da esatea «injustua izango da, ez da egokia, baina guk ezin dugu ezer egin».

Euskal Herrian ere badago zereginik

Erakunde eta talde ezberdinetan sarri esan da nekazaritzaren arazoak globalak direla, mundu osoan aplikatzen diren politika ekonomikoen ondorio. Badira, halere, Euskal Herriak berezko eta propio dituen hainbat faktore, ekoizteko moduan hasi eta antolakuntza instituzionalean amaitu arte.

Nekazaritza, elikadurak ekoizteko langintza, sektore estrategikoa den aldetik, zaindu eta bultzatu beharra dago. Nekazaritzak erronka ugari ditu gaur egun eta beharrezkoa da horiek aztertzea. Iritzi eta ikuspuntu ezberdinak batu, trukatu eta etorkizunari buruz berba egitea komenigarria da sarritan. Benetan eskertzekoa da, alde horretatik, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak antolatutako eztabaida, arlo ekonomiko hutsetik haratago nekazari- tzak berarekin duen osagai soziala ere kontuan hartuko baita eztabaidotan.

Jardunaldi horiek Europa eta herrialde mailan bultzatutako nekazaritza politikak aztertuko dituzte. Baina horretaz gain gizarte mugimenduen ikuspuntuak hartuko dira kontuan. Eta maila lokalean zentratuz, Euskal Herri osoa kontuan hartu eta instituzioak, baserritarrak eta kontsumitzaileak inplikatuko dituen eztabaida bultzatuko du, «Euskal Herriko nekazaritza sektorearen diagnostikoa eta proposamenak» izenburupean. Ikuspegi eta proposamen ezberdinak ezagutu ahal izango dira bertan: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailaren Nekazaritza eta Elikadura Legearen sortze proposamena; elikadura subiranotasunaren ikuspegitik beste nekazaritza politika bat gauzatzeko proposamenak; Euskal Herriko Laborantza Ganbera martxan jartzeko ekimena; Landa Garapenerako politiken garrantzia eta ebaluazioa; nekazaritza industria eta nekazaritza kooperatiben gara- penean merkatuaren eboluzioaren garrantzia; nekazaritza ekoizpenaren garrantzian elikagaien kontsumo- aren garrantzia; elikadura segurtasuna...

Egun nekazaritzak bizi duen egoera «naturala» eta aldaezina dela pentsatzeari utzi, alda daitekeela konbentzitu, eta etorkizunerako proposatzen diren bideak aztertzeko parada izango da, beraz. -

(*) Unzalu Salterain, Nekazaritza Erakundeen izenean Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeko kontseilaria da


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Cerraron «Egin» y lo dejaron pudrir
Jendartea
Asamblea de estafados
Jendartea
Prevén el segundo cinturón de Donostia para 2009
Euskal Herria
Hitzarmenerako Mahaiak herriaren presioa eskatu du
Ekonomia
Eraikuntzarako materiala deskargatzen ari zela, langile bat hil da Aiegin
Mundua
Serbia reconoce finalmente el resultado
Kirolak
Bruesa sufrió ante León pero el Gasca le llevó en volandas hasta la ACB
Kirolak
«Vamos a dejarnos el alma y hacerlo lo mejor posible»
Kirolak
Saiz, detenido en una operación antidopaje
Kirolak
«Irujori irabazteko ez zaio bere jokoa egiten utzi behar»
Euskal Herria
El administrador judicial admite que Garzón envió a «Egin» a la ruina
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea