- BTT:Euskadiko Txapelketa
Errenteriak hartuko ditu lasterketak asteburan
BILBO
Trintxerpeko Atletiko Klubak Errenterian aurkeztu zuen atzo Oarsoaldeko MTBLehiaketa, Euskadiko Txapelketa.Lasterketak 27an eta 28an izango dira herri horretan.
Lasterketa guztiak San Markoseko Gotorlekuan izango dira, 6,5 kilometroko ibilbidean. Antolakuntzak azaldu zuenez, profila teknikoa da eta jaitsiera itzela du, baita igoera ere azken zatian.
Larunbatean (16.00), taldekako erreleboak izango dira, eta hori da aurtengo Euskadi Txapelketaren berritasun nagusia. Hain zuzen, junior, emakume, elite eta 23 urtez azpiko mailetako txirrindulari bana lehiatuko da eta itzuli bana emango diote 6,5 kilometroko ibilbideari.
Igandean, ordea, bi lasterketa izango dira eta zazpi txapelketa guztira. Kadeteak (bi itzuli), juniorrak eta emakumeak (3 itzuli) 9.30ean hasiko dira eta 11.30ean proba nagusia jokatuko dute, elitekoak eta 23 urtez azpikoak (bost itzuli), masterrak eta beteranoak (lau itzuli) lehian direla.
|