Urgulleko eta Santa Klarako sugandilen genetika aztergai
·Aranzadiren ikerketak iberiar sugandilaren subespeziea edo aldaera den zehaztuko du
Aranzadi Zientzia Elkarteak Donostiako Santa Klara uharteko eta Urgull mendiko sugandila iberiarraren ikerketa genetikoa egingo du. Aurretiaz egindako zenbait azterketa morfologikok azpiespeziea dela ondorioztatu dute eta Aranzadik bakartzeak sorturiko aldaera ere izan daitekeela azaldu du.
DONOSTIA
Aranzadi Zientzia Elkarteak, EHUrekin elkarlanean, Donostiako Santa Klara uharteko eta Urgull mendiko sugandilen gaineko ikerketa genetikoa jarri du abian, inguruko espezieekin alderatuta ezberdina den ala ez ondorioztatzeko. Xabier Rubio ikerketa taldeko koordinatzaileak azaldu du Klemer zientzialari alemaniarrak 1964. urtean eta Aranzadiko bi kidek 1986an egindako azterketa morfologikoek Santa Klarako eta Urgulleko sugandila iberiarra handiagoa zela egiaztatu eta podarcis hispanica sebastiani izendatu zutela, azpiespeziea izan zitekeela pentsatuz.Hala eta guztiz ere, Rubiok jakinarazi du azterketa genetikoak burutu eta emaitzak izan arte ezingo dela ziurtatu Donostiako sugandila azpiespeziea denik: «Agian azpiespeziea beharrean inguruko barietatea da, aldaera bat alegia, eta hori zehazteko burutu nahi dugu ikerketa genetikoa». Azterketaren oinarria Mendizorrotz, Ulia, Jaizkibel, Santa Klara eta Urgulleko sugandilak dira, elkarren artean ezberdintasunik badagoen ala ez zehaztu ahal izateko. Ehun sugandilatik gora harrapatu dituzte eskuz eta lagina isatsetik eskuratu dute. Rubiok ziurtatu du sugandiloi ez diotela inolako kalterik egin: «Zati txikia kendu diegu eta berriro hazten zaie. Maiz berek askatzen dute isatsa, sugandilek berez duten babes-mekanismoa da». Aurretiaz egindako ikerketa morfologikoek Santa Klarako eta Urgulleko sugandila tamaina handiagokoa dela baieztatu dute eta Rubiok azaldu du ingurunea bakartzearen ondorioz gertatutako aldaera izan daitekeela: «Milaka urtetan bakarturik egon dira eta, beharbada, eboluzioaren ondorioz sortutako azpiespezieak izan daitezke, baina ez dugu uste hori gertatzeko bezainbeste denbora iragan denik. Uharteetan sugandilak etsairik gabe bizi dira, ez dute energiarik gastatzen harrapakariengandik ihes egiteko eta, nolabait esatearren, hobeto bizi dira eta handiagoak egiten dira. Badirudi hori dela, baina ea zer esaten digun genetikak». Lagin-bilketarekin amaituta, laborategiko lanari ekingo diote datozen hilabeteetan eta, hartara, ikerketaren emaitzak urrian izango den Euskal Herriko Herpetologia Kongresuan aurkezteko modua izango dutela jakinarazi dute.
Herpetologia Kongresua, gizarteari begira
A. A.
DONOSTIA Nazioarteko Lehen Herpetologia Kongresua urriaren 4tik 7ra bitartean egingo dute Donostian Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimenez eta, bertako kideek azaldu dutenez, urlehortarrei eta narrastiei buruzko zientzia ikerketak sustatzeaz gain, parte hartzaileen esperientziak trukatzea, lan-talde espezializatuak sortzea eta ikerketarako ildo berriak zabaltzea dira Kongresuaren helburuak. Era berean, alor horretan egiten dituzten ikerketak herritarrei ezagutaraztea garrantzizkotzat jo dute Aranzadiko kideek eta, hori bideratzeko, prentsa bidezko artikuluak, argazki erakusketak, hitzaldiak, lehiaketak eta bestelako ekimenak aurrera eramateko asmoa dutela agertu dute. «Lurraldeko urlehortar eta narrastien espezieak, populazioaren kontserbazio-egoera eta aurre egin beharreko arazoak ezagutaraztea da gure helburua. Klima-aldaketa denon ahotan dabil eta espezieen desagerpena errealitate tristea da. Urlehortarren kasuan kontua benetan kezkagarria da eta planeta osoan hitz egiten da dagoeneko urlehortarren gainbehera globalari buruz», nabarmendu zuten.
|