Iazko seikote berarekin jokatuko da bihar Gasteizen Arabako bertso finala
Gauzak aldatuz doaz baina mantso samar Arabako bertsolaritzan. Gazteen belaunaldi bat burua goititzen ari bada ere, Otamendi, Perea eta Zigor Enbeita dira oraindik ere, orain hamar urte bezalaxe, lehen lerroan ageri direnak. Iazko partaide berak izango dira bihar Jesus Guridi kontserbatorioko aretoan jokatuko den finalean. Berritasunik ere bada, ordea: Zigor Enbeita geratu zen sailkapen buru finalerdietan eta hari dagokio txapelaren bila lehiatzea.
Zigor Enbeita doa sailkapeneko buru. Hori da berritasun nagusia. Gainerakoan iazko finalaren errepikapena dirudi aurtengoak: Asier Otamendi, Manex Agirre, Juan Mari Juaristi, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre izango dira kantuan Enbeitarekin batean. Jesus Guridi kontserbatorioko aretoan hasiko da finala 17.30ean. Naroa Sasieta izango da aurkezle.Zigor Enbeita da berritasun nagusia. Finalerdietan sailkapenean buru jartzea lortu zuen eta horrek ikusmina areagotu egin du. «Ez dut esango punturik gehien ateratzea oso esanguratsua denik, baina ondo zaudela esan nahi du gutxienez. Asier Otamendi izan da azken urteotan postu hori lortu duena, eta haren aurretik geratzeak adore pixka bat ematen dit. Oso gustura egin nuen bertsotan finalerdian eta gogotsu noa», esan zuen Zigorrek. Iaz bosgarren geratu zen, orain urte bi ez zen finalean sartu eta orain hiru urte txapela lortu zuen. «Txapelketa derrigor prestatu beharra dago jarraitu zuen. Urtean zehar astean behin egiten dugu bertsotan eta txapelketaren aurretik astean bizpahiru aldiz taldean bertsotan egiteko ohitura dut. Ruben Sanchez, Iñaki Viñaspre eta hirurak aitarekin biltzen gara egun batean. Oihane Perea ere batzuetan etorri ohi da. Eta aitarekin neu bakarrik ere aritzen naiz beste egun batean. Bera izan da nire maisua, dakidana berak erakutsi dit», esan zuen. Hamabi txapelketatan hartu du parte Asier Otamendik. Prudentzio Deuna bost aldiz irabazi zuen eta Arabako Txapelketa hiru aldiz. «Lehen txapela irabazi nuenetik giroa hobetuz joan da. Belaunaldi berri bat joan da sartzen azken urteotan, Manex eta Viñaspre, esaterako, baina orain hamar urte Zigor, Oihane eta hirurok geunden puntan eta oraindik ere biok jarraitzen dugu, gauzak izugarri aldatu ez diren seinale», esan zuen txapeldunak. Udazkenean hasten dira astean lagunarteko afaritxo bat eginez bertsotan. Nekazaritza Eskolan, Arkauten, ari da Asier klaseak ematen, Botanika, Abeltzaintza eta Kalitatearen inguruan, eta baserri mundua lehendik ezagutzen duenez, pozik dabil. «Talde irudi on bat ikusteko gogoa dut. Hori da finalari eskatzen diodana».
Granadatik Gasteiza
Bigarren lizentzia azterketetan bete-betean harrapatu du, aurrekoetan bezalaxe, Manex Agirre txapelketak eta finalaren ondoren Granadara doa berriro. Laugarren finala du aramaioarrak eta iaz hirugarren geratu zen eta lehengoan bigarren egin zuen 21 urterekin. «Txapelketaren inguruan sortu ohi den giroa botatzen dut faltan. Egun bi lehenago elkarrekin afaldu eta berriketan egoteko aukera izango dut eta horren zain nago giroan sartzeko», esan zuen Manexek. Oihane Perea «beti bigarren» horietakoa da. «Ez dakit, egia esan, zenbat aldiz geratu naizen bigarren, sei-zazpi aldiz izango zen», esan zuen. Dulantziko finalerdian sartu zen txapelketan, beste finalistak bezala eta horrek bere alde makurrak badituela uste du. «Ohartu gabe iristen zaigu finala, txapelketan aterrizatu gabe ia-ia». Hala ere, aurten “Emetik” ikuskizunari esker, aspaldian baino saio gehiago egiten ari da. «Hamabostean behin kabaret emanaldia eginez gabiltza azken aldi honetan. Sei bat emanaldi egin ditugu eta uztailera bitartean dezente gehiago ditugu. Niri oso formatu erosoa egiten zait. Hortik kanpo Araban mugitzen naiz, hilean saioren bat tokatzen zaigu. Umeak ere baditu 9 hilabete eta edonora joateko ere hobeto moldatzen naiz», esan zuen. Prestaketa aldetik proba asko egin ditu Oihanek. «Errima lanketa intentsiboa eginda joan nintzen finalera, esaterako, behin. Aurten bertsotan egin dut, irakurtzen ere jardun dut, poesia eta saiakera, esate baterako, burua janzten hitz batean eta bertsoak idazten ere ibili naiz ariketa modura», esan zuen Pereak. Juan Mari Juaristik bere seigarren finala egingo du bihar eta azken bietan laugarren egin du. Dulantziko finalerdian kantatu eta berak irabazi zuen. «Finalerdian lortu nuen eta finalean saiatuko naiz puntuekin ahaztu eta kantatzera joaten. «Gurea zaletasuna da, ez da besterik. Arabako egoera orain hamar urte baino askoz hobea da, baina gaudenak gaude. Euskararen eta bertsolaritzaren alde ari gara eta gurea borroka kolektiboa da. Urteroko finala kenduta, horixe da gure espiritua. Eta finala ere bertsoaz gozatzeko beste modu bat da. Batek jantziko du txapela, baina denok irabazi behar dugu. Eta nik irabazten badut, oraindik hobeto. Bertsozaleak ere euskaltzale direlako dira bertsozale. Jende bertsua gabiltza euskararekin lotuak dauden ekintzetan. Gaztetxoak ere ari dira orain hurbiltzen eta hori pozgarria da», esan zuen Juaristik. Meriendatxo bat egin eta kantatzera bildu izan dira taldean astero, Otamendi, Rikardo eta beste zenbaitekin.
Viñaspre, gazteena
Hirugarren finala du Iñaki Viñasprek. Bera da seikoteko gazteena 22 urterekin. Institutu garaian hasi zen hautuzko gai moduan bertsolaritza ikasten, eta Gasteizko bertso eskolan bukatu zuen. Eskolartean bat-bateko pare bat txapel baditu eta idatzizko beste bi. Oihane, Ruben eta hirurak bildu izan dira tarteka eta Zigorrekin ere egin du bertsotan Izarran. «Lopez de Arkaute, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre, Izar Mendiguren eta beste zenbait bertsolari, hamarreko talde bat gaude 18-25 urteko tarte horretan, eta nik uste dut belaunaldi honek gora egingo duela», esan zuen. -
«Geuk antolatzen ditugu
saioak»
«Bertso plazak euskaldun kopuruaren arabera izaten dira. Lehen baino saio gehiago dauzkagu Araban, baina gutxi oraindik. Askotan geuk antolatzen ditugu elkarteetan bertso-afariak kantatu ahal izateko», esan zigun Zigor Enbeitak. «Festetan bertsolariak programatzen dituzten herriak oso gutxi dira Araban. Hiruzpalau herritan salbu, ez da ezer egiten. Baina gero eta hobeto gaude. Bertsolari bakoitzak txapelketa aurretik hiruzpalau saio egiten ditu», jarraitu zuen. Uste berekoa da Viñaspre ere. «Aramaio, Araia edo Aiaran badago tradizio pixka bat, baina bestela formatu txikiko saioetan hartzen dugu parte, afarietan bereziki», esan zuen.Asier Otamendi ere mintzatu zen Arabako egoera bereziaz. «Ohiko jaialdiak ez du hemen funtzionatzen. Euskaltegietan, eskoletan edo taberna giroan antolatzen ditugun saioek funtzionatzen dute», esan zuen. Ea saio horiek zaletasunagatik edo militantziaz bakarrik egiten dituzten galdetu genion: «Nire saioak behinik behin halakoak dira», erantzun zuen. DONOSTIA
|