Pertsona bat kartzela dezakete arinegi gidatzeagatik
Arduragabekeriaz gidatzeagatik Ertzaintzak jarritako isun baten ondorioz, auzibidetik joango den lehen trafiko kasuaren berri izan genuen atzo. Izan ere, Lakuako Barne Sailak jakitera eman duenez, auzipetua 166 km/o abiaduran pasatu zen iragan maiatzaren 9an, 70 km/o muga ezarrita dagoen errepide zati batean.
GASTEIZ
Ertzaintzak, axolagabekeriaz gidatzeagatik auzibidea hartuko duen lehen atestatua egin zuen Araban iragan maiatzaren 9an. Iturriek adierazitakoaren arabera, gidaria 166 km/o abiaduran zihoan, muga 70 km/o zen errepide zati batean. Gidaria iragan maiatzaren 9an denuntziatu zuen Ertzaintzaren Arabako Trafiko Unitateak aipatu abiaduran Gasteizko lurretan dagoen Estibalizko bidegurutzetik hurbil. Polizia autonomikoak egindako atestatu hori maiatzaren 12an igorri zioten Gasteizko hirugarren instrukzio epaitegiari. Ertzaintzaren oharrak dioenez, gidariak «guztiz neurriz kanpoko abiadura» zeraman errepide zati hartan ezarritakoarekiko. Auzibidea hartzeko jokamolde hori, Lakuako Gobernuko iturriek esandakoaren arabera, Ertzaintzak Fiskaltzari igorritako txosten baten ondorio da, eta horrek auzibidea hartzea onartzen du, baldin eta «errepidean arrisku larria sor dezaketen jokaerak antzematen badira». Txosten horren arabera, gehiegizko abiadura delitutzat har liteke, alkoholemiarekin gertatzen den moduan, arduragabekeriaz gidatzeagatik. Horrela, Ertzaintzak delitutzat hartuko du abiadura mugak ezartzen duenaren bikoitza darama gidariaren jokaera. Ertzaintzaren arabera, horrek bi urterainoko kartzela zigorra eta sei urterako gida-baimena etetea ere suposa dezake. Gidariak jokaera «suizida edo «homizida» zeramala eta beste pertsonen biziak arriskuan jartzen ari zela frogatutzat ematen badute, aldiz, eskaria lau urterainoko kartzela zigorrera irits daitekeela gaineratu dute informazio iturriek.
«Arrisku konkretua»
Real Automóvil Club Vasco-Navarroko Amparo Lopezen arabera, halako neurriak hartzea onuragarria da segurtasuna zaindu eta gidariak «berriz hezteko» balio badu. Gaineratu zuenez, jokaera haori «arrisku abstraktutik konkretura igarotzen ari garen» seinale da.
Atxilotua, «tronpoak» egin eta ertzainei erasotzeagatik
GARA
GASTEIZ Etzaintzak pertsona bat atxilotu zuen atzo goizaldean Gasteizen, hiri barruan kotxearekin «tronpoak» egin eta atxilotzera zihoanean ihes egiten saiatzeagatik. Ertzaintzaren iturrien arabera, 3.30ean ertzain patruila batek hiriko biribilgune batean «tronpoak» egiten ari zen kotxe bat ikusi zuen. Gidaria geldiarazi nahi izan zutenean, hark hasiera batean ihes egin zuen, baina aurrerago gelditu zuten kotxea. Gidaria ibilgailutik ateratzen saiatu zirenean, hark aurka egin zien ertzainetako bik zauriak jasan zituzten, iturriek adierazi zutenez, drogaren baten menpean zegoelako itxura zuen. Azkenean, hasierako ertzain bikoteari laguntzera joan zen beste patruila bati esker, eta hainbat eraso eta ihes saiakeraren ondotik, biribilgunean «tronpoak» egiten ibili zen gidaria atxilotzea lortu zuten. Lehen ere antzeko ekintzengatik atxilotua izan zen gidari hori, eta kotxean bi droga mota topatu zituen Ertzaintzak.
|