DEB A
Gaur hasi eta ekainaren 4ra bitartean hamar antzerki emanaldi egingo dira Deban. Goaz antzerki taldea da beste behin Antzerki Astea eratu duena. Aurreko hogeita bederatzi edizioetan bezalaxe, antzerki amateurraren erakusleiho bihurtu nahi izan dute Deba.
Gaitzerdi Teatroa talde profesionalaren aurrestreinaldia eta Mikelazulo kultur elkartearen ikuskizun plastikoa izango dira astea gaur zabalduko dutenak. Bilbotarrek “Arnasa” kale antzezlana ekarriko dute, eta Foruen Plazan emango da 19.30ean hasita. Errenteriakoek “Erloju lehorrak” izenekoa erakutsiko dute 22.30ean Itziarko Andutz biltokian.
Lasarte-Oriako Landaberri antzerki eskolakoek “Gizon bakarraren emaztea” emango dute bihar Zubeltzu antzokian 22.30ean hasita.
Urrup taldearen txanda izango da igandean. “Nire jostailuak kutxan” haurrentzako ikuskizuna emango dute 17.00etan Zubeltzun.
Astelehenean, Pirritx eta Porrotx pailazoak izango dira 17.00etan frontoian “Maite zaitut” ikuskizunarekin. Asteartean, hilak 31, Xabier Munibe eskola taldearen “Gaitzik kutsakorrena beldurra?”, “Arrotzak herrian” eta “Matximan jauntxoa” ikusi ahal izango dituzte herriko neska-mutikoek Goaz aretoan 10.00etatik 11.15era. Ekainaren 2an Lesakako Mairu taldearen “Erregea, soldadua eta bufoia” emango da gaztetxean 22.00etan. Ekainaren 3an, Mutrikuko Goizeko Izarra taldearen “Kanpokoekin uso, etxekoekin...” emanaldia izango da Zubeltzun 20.30ean. Eta ekainaren 4an Zurriola antzerki eskolaren “Aldamioak, zuhaitzak, zaborra eta bestelako etxebizitzak” ikuskizunak emango dio amaiera Antzerki Asteari. Emanaldia Zubeltzun izango da 19.30ean. Bestalde, oraindainoko edizioei buruzko erakusketa ere eratu du Goaz antzerki taldeak. Ekainaren 2an zabaldu eta 4an itxiko da erakusketa.