Nestor Kirchner presidentearen kanpaina hasia da
·Sekulako jendetza elkartu zen atzo Buenos Airesen bere hitzaldia entzuteko
Nestor Kirchner Argentinako presidenteak bere karguan jarraitzeko aukera guztiak dituela uste dute begiraleek. Datorren urtean egingo dituzten hauteskundeetara aurkeztuko den ala ez, ez omen du erabaki, baina inkestek diote aurkeztuz gero oso erraz irabaziko duela.
BUENOS AIRES 1810eko maiatzaren 25eko iraultza Argentinaren independentziaren aurrekaria gogoratzeko antolatu omen zituzten atzoko ekitaldiak. Baina begiraleen ustez, oso bestelakoa da Kirchnerren eta bere aldekoan asmoa.Eguneko egitarauak horixe adierazten du: goizean goiz, presidenteak atzerriko ordezkarien, diplomazialarien, estatuetako gobernadoreen eta ministroen agurra jaso zuen; ondoren oinez joan zen, Cristina Fernandez emazte eta senataria ondoan zuela, hiriburuko katedraleraino; Kirchner tenpluan zegoela hasi zen Maiatzeko Plazako jaialdia, eta bertan Mercedes Sosa abeslariak Argentinako ereserkia abestu ostean (ordurako bukatuta egotekoak ziren beste abeslari eta musikarien saioak), presidenteak bere hitzaldia eman behar zuen. Egitasmoa pentsatuta bezala ateraz gero, ilundu baino lehen bukatu behar zuten ekitaldi guztiek. Antolatzaileek gutxienez 200.000 lagun elkartzea espero zuten. Sindikatu eta grebalari talde batzuek, Kirchnerren aldekoek, jakina, sekulako ahalegina egin dute plazara milaka lagun eramateko. Presidentearen aurkakoek, aldiz, salaketa plazaratu dute: dirua eta janaria agindu omen diete Nestor Kirchnerren aldekoek bertaratzen diren behartsuei. Presidentea bere unerik gozoenean dago. 2003. urtean Presidentziara iritsi zenean, botoen %22 besterik ez zuen bildu, bigarren itzulia ez baitzuten egin. Inkestek diote bozketa orain eginez gero, botoen %60 eskuratuko lituzkeela. Gainera, beste inkesta batzuen arabera, argentinarren %80ri ondo iruditzen zaie Kirchner berriz aurkeztea, eta %74k uste dute herrialdea bera Presidentziara iritsi aurretik baino hobeto dagoela. Azken urteotako hobekuntza ekonomikoak eraginiko datu eta iritziak dira.
Oposiziorik ez dauka
Edonola ere, oposizioaren zatiketa litzateke egungo presidenteari berriz irabazteko aukera gehien ematen diona. Gainera, oposiziokoei Kirchnerrek eta bere Gobernuak azken urteotan egin dituztenak txalotu beste erremediorik ez zaie geratzen askotan. Horixe egin zuen asteazkenean Raul Alfonsin UCR Herritarren Batasun Erradikaleko buru eta presidente ohiak. Gauza «garrantzitsuak» egin dituela onartu zuen, baina oso jarrera «autoritarioarekin».
|