BILBO
Mikel Gaztañaga itsasondoarrak garaipen bikaina lortu zuen atzo Vendeeko Tourrean, Estatu frantsesean. Atom taldeko txirrindulariak Casper (Cofidis) eta Hinault (Credit Agricole) menderatu zituen azken metroetan.Lorpen estua erdietsi zuen Gaztañagak, epaileek helmugako argazkia behar izan zuten irabazlea erabakitzeko. Azken 500 metroetan tropelak Voeckler eta Herve irentsi zituen; esprintean gipuzkoarrak Casperren gurpila hartu eta gainditu zuen. Hala, garaipen ederra eman zion Atomi.
Sekulako garaipena eskuratu du Gaztañagak, Vendee klasikoa 1.1 mailakoa delako eta talde frantses guztiak ziren lehian. Bigarren aldiz altxatu ditu besoak, Madrilgo Itzulian saio bat poltsikoratu zuen-eta.
Portugalen, berriz, Kaiku taldeko Urtasun Alentejoko Itzuliaren lidergoari eutsi zion. Deganok (Barloworld) irabazi zuen saioa eta nafarra hirugarren sailkatu zen.
Boonen (QuickStep) gailendu zen Belgikako Tourrean bigarren saioan eta Tjallingii (Skil) liderra da. Azkenik, Trampusch (Wiesenhof) Bavierako Tourrean garaile izan zen eta lider berria da. Alberto Martinez 5. sailkatu zen.