GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-05-26
Asteasu eta Irañeta nabarmendu dira jardunaldi bikoitzeko asteburuan
Iaz amaitu bezalaxe ekin die Asteasuk Herrien Arteko III. Topaketei, garaipena lortuta. Iazko txapeldunek bere gaitasuna erakutsi zuten Oiartzunen igandean jokatutako proban. Irañeta izan zen onena, bestalde, larunbatean Altsasun jokatu zuten Nafarroako kanporaketan. Aurreko urtean baino talde gutxiago bildu ziren bi topaketa horietan, baina horrek ez zion ikuskizunari batere distirarik kendu.

Jardunaldi bikoitza izan genuen aurreko asteburuan Herrien Arteko III. Euskal Joko Topaketetan. Larunbatean Nafarroako kanporaketa jokatu zuten Altsasun; eta igandean, berriz, Gipuzkoakoa, Oiartzunen. Bigarren horretan, gainera, eta aurreko urteetako esperientzia onari jarraipena emanez, Kilometroen aldeko ekimenekin bat egin zuen herrien arteko kirol-festak.

Ikastolen aldeko jaiak urtean antolatzen dituen ekimenen artean sartzen da jada herri bat baino gehiagotan egiten duten mendi astea. Eta mendiarekin eta naturarekin lotura duten hainbat ekitaldi biltzen dituen aste berezi horri igande goizeko mendi-martxak eman zion amaiera Oiartzunen. Bada, mendi-martxa horrekin bat eginez egin zuten topaketa Gipuzkoako zazpi taldek, eta ondorengo bazkaria ere batera egin zuten mendizale eta kirolari herrikoi guzti-guztiek.

Aurtengo lehian aritu ziren zazpi taldeak honakoak izan ziren: Asteasu, Idiazabal, Hernani, Katatxulo Gaztetxia, Igeldo, Zizurkil eta Ibarra. Beste urteetan baino koadrila gutxiago aurkeztu arren, 85 bat lagun nor baino nor aritzeak badu bere meritua. Aurreko bi urteetan Gipuzkoa izan da herri kiroletan maila oneneko taldeak aurkeztu dituen herrialdea, eta Oiartzungo proban ere ikuskizun ona eman zuten zazpi talde horietako neska-mutilek.

Txapeldunak, bikain

Eta azkenean, iazko txapeldunak nagusitu ziren Gipuzkoako kanporaketan. Asteasuk garaipen oso ona lortu zuen, nahiz eta amaiera arte lehia benetan estua izan zuen bigarren sailkatu zen herriarekin; Idiazabalekin, hain zuzen ere.

Bi horien atzetik, hirugarren postua Hernanirentzat joan zen 760 puntu lortuta, eta, harrigarria badirudi ere, Katatxulo, Igeldo eta Zizurkil 757 puntura berdinduta geratu ziren lau, bost eta seigarren postuetan. Eta multzoa itxiz, Ibarrak 743 puntu bildu zituen, eta gipuzkoarren arteko proba zazpigarren amaitu zuen.

Hala ere, baliteke sailkapen horrek aldaketaren bat izatea. Zaldibia eta Egiako taldeek ezin izan zuten Oiartzungo topaketan parte hartu eta, horregatik, igandean Elorrion jokatuko duten Bizkaiko norgehiagokara azalduko dira. Bizkaiko beste taldeekin lehiatuko diren arren, gipuzkoarrek lortutako emaitzak Oiartzungoekin batuko dira eta horren arabera erabakiko dute antolatzaileek zenbat eta zein talde sailkatuko diren Berrizen jokatuko duten azken jaialdi nagusirako.

Bizkaiko topaketa Elorrion jokatzeak ere badu bere azalpena. Gipuzkoan bezalaxe, ikastolen aldeko festarekin bat egin nahi izan dute eta igandean Ibilaldia izango dela baliatuz, Xiba proiektuak antolatzen duen topaketa hau ere jai horren parte izango da. Zehazki, laugarren gunean jokatuko dute orain arte herrialdez herrialde egin diren topaketei amaiera emango dien proba hau. Finala edo azken jaialdia ere Bizkaian jokatuko dute, Berrizen, datorren uztailaren 1ean.

Gutxi Baina onak

Nafarroako topaketan, bestetik, hasiera batean espero baino talde gutxiagok hartu zuten parte. Antolatzaileek zazpi edo zortzi talde espero zituzten, baina azken orduko eragozpenengatik, lau talde bildu ziren Altsasuko Ihortzia plazan, Burunda pilotalekuaren alboan.

Egoera ikusita, Zangotza, Tafalla, Iruñea eta Sakana bailarako neska-mutilen artean taldetxo bat osatu zuten Irañeta, Uharte Arakil eta Saldiaskoekin lehiatzeko.

Emaitzei dagokienez, Irañetak lortu zuen sailkapeneko lehen postua uhartearren aurretik eta bi talde horiek finalerako txartela lortu zuten. Saldiastarrek hirugarren postuan amaitu zuten proba, eta antolatzaileek oraindik ez dute erabaki azken jaialdian lekua izango duten ala ez. Azkenik, nafarren selekzio bitxiak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Goizeko hamaikak aldean ekin zieten jokoei, eta euri tanta batzuek antolatzaileak beldurtu arren, gero eguraldiak ongi erantzun zuen goiz osoan. Aipamen berezia merezi du Saldiasko taldeak, aurten lehen aldiz hartu duelako parte herrien arteko topaketetan, eta, saltsero samarrak izaki, sekulako giroa sortu zutelako bai probalekuan bai eta ondoren 80-90 bat lagunek Zelandin egindako bazkarian ere.

Azken unean inprobisatutako taldeak ere badu meritua. Ia proba guztietan azkenak izan ziren, baina taldeko neska batek harria bederatzi aldiz jaso zuen eta eguneko txalo zaparrada irabazi. -

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
«Menos policia, mas cultura»
Jendartea
Pertsona bat kartzela dezakete arinegi gidatzeagatik
Euskal Herria
Permach: «Están estirando mucho de la cuerda»
Euskal Herria
Etxerat exige a PNV, EA y EB que «hagan frente a la violencia estatal o dimitan»
Mundua
Una iniciativa de los presos políticos devuelve la esperanza al pueblo palestino
Kultura
Mikel Laboa precederá a Bob Dylan en el concierto que ofrecerá en Donostia
Kirolak
Izarrez beteriko tropela aurkeztu du Iurreta TEk
Kirolak
La fortaleza en Zurbano salva a un Tau a rachas
Kirolak
«El año pasado también era yo el favorito y al final perdí ante Aimar»
Euskal Herria
Las plataformas anuladas exigen el reconocimiento de sus electos
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea