- Urrezko harri-jasotzaileak
Azken saioan nor arituko diren jakingo da
DONOSTIA
Urrezko harri-jasotzaileek ere finalerdiak izango dituzte asteburu honetan. Bata bihar bertan jokatuko dute Igorren, 21.00etan hasiko den jaialdian, eta bestea, berriz, etzi Maestun 12.30ean hasita.Bizkaian Izeta II.a-Landarbidek Perurena-Saralegiren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta Araban, Izeta III.a-Goenatxok Barinaga-Ostolatzarekin. Lehenengoan, Izeta II.a eta Landarbide dira finalerako txartela lortzeko hautagaiak. Orain arteko saio guztiak irabazi egin dituzte, eta biharkoan ere gauza bera egin dezakete. Harri-txikiekin Izeta II.a da egungo onena, eta aldeak egiten ditu. Perurenak eta Saralegik hemen izateko aurrekanporaketa bat jokatu behar izan zuten, eta doi-doi menderatu zituzten Izeta IV.a eta Irigoien. Azken horiek, gainera, erreklamazio bat ere jarri zuten, baina horrek ez du aurrera egin, eta nafarrak izango dira finalerdiak jokatzen. Bestean, berriz, Izeta III.a eta Ostolatza aterako dira finala jokatzeko hautagai. Harri handiekin pare samarrean ibiliko dira Ostolatza eta Goenatxo, baina txikiekin Izeta III.a gehiago da, eta hor ere berak marka ditzake ezberdintasunak. 100 kiloko zilindro berria, eta 200eko errektangularra bakarka ibili beharko dituzte, eta 113ko kubikoa eta 100 kiloko bola, aldiz, txanda librean, bi minutuko txandetan.
|