- Aizkora (Bigarren Maila)
Gipuzkoan, estreinako kanporaketa jokatuko da
DONOSTIA
Gipuzkoako BigarrenMailako aizkolarien lehen kanporaketa jokatuko da etzi Legorretan, 18.00etan hasita. Lehen multzoko aizkolariak arituko dira, hauek izango dira: Aierbe II.a, Etxeberria, Lasa, Mugertza II.a, Otaegi, Telletxea eta Ugarteburu. Bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko ditu.Aurtengo berritasun nagusiena Ugarteburu da. Ezkiokoa lehiaketa ofizialetatik at urte askoan egon da, baina aurten berriro ere itzultzea erabaki du, eta Legorretan finalerako txartela lortzea izango du helburu. Bera, gainera, faboritoen artean egongo da. Hala ere, faborito nagusia Lasa izango da.Herrian arituko da, eta ongi prestatuta egongo da.Gainera, apustua ere jokatu berria du, eta beretzat izan behar luke finalerako txarteletako batek. Bigarren finalerdia ekainaren 4an jokatuko da Beasainen, eta bertan aizkolari hauek izango dira: Elorriaga, Esnaola, Mugertza III.a, Mujika, Arria V.a, Otaño eta Zubizarreta. Multzo bakoitzeko estreinako hirurek lortuko dute uztailaren 31n jokatuko den finalerako txartela. Bestetik, etzi Legorretan ez dira aizkolariak bakarrik izango, Gipuzkoako Txinga Txapelketa ere Legorretako kiroldegian jokatuko baita, aizkolariekin batera.
|